Es | Eu | En

GaituzSport Sariak maiatzaren 3an emango dira Bilbon

GaituzSport sariak

“Gau Inklusiboa”:  kirola gizarteratzeko modu gisa aintzat hartzeko aukera

Kirol Egokituaren Euskal Federazioak, GaituzSport Proiektuaren barruan, beste “Gau Inklusibo” bat antolatu du aurten, oraingo honetan, Bilboko Euskalduna Jauregian, maiatzaren 3an.

Ekitaldi horretan GaituzSport Sariak emango dira, pertsonek eta erakundeek, kirola gizarteratzeko modu gisa sustatuz, gizarte inklusiboagoa lortzeko egiten duten lan eredugarria aitzat hartzeko. Aurten, pertsona eta erakunde hauei emango zaizkie sariak:

1.- EUNATE ARRAIZA, Athletic Club de Bilbao-ko jokalaria. GaituzSport saria lehiaketako kiroleko inklusioaren gaineko jardunbide egokiei.

Gaur egun gorreria duen futbolari profesional bakarra da. Eunateren historia (Biurrun-Olkotzen jaio zen, 1991ko ekainaren 3an), norbere burua gainditu duenaren historia da, benetan eredugarria.

Zortzi urte zituela, kokleako inplantea jarri zioten eta horri esker, epailearen txilibitua entzun dezake, baita jolaskideei ere. Lehen, petaka batekin jolasten zuen eta, duela hiru urtetik hona, sistema modernoagoa darama eta hobeto moldatzen da.

Lagunak taldean jokatu ondoren, Eunate seigarren urtez jokatzen ari da  Athletic Club de Bilbaon. “Futbolean jokatzen dudanean, gainerako jokalariak bezalakoa  naiz, baina hiru halako ahalegina egin behar izaten dut”.

Iaz beste amets bat gauzatu zuen: Selekzio absolutuarekin debuta egitea. Ahalegindu eta hobetzeko grinari saria.

2.- HEGALAK KIROL ZENTROA.  GaituzSport saria lehiatzen ez duen kirolaren arloko jardunbide egoki inklusiboei.

Hegalak Kirol Zentroa, Donostiako Kontxa hondartzan bertan eraiki zena, erreferentzia-tokia da, 2012ko ekainean sortu zenetik, jarduera fisikoa eta kirola egiteko, instalazioengatik eta inklusio kontzeptuagatik. Desgaitasuna dutenek eta ez dutenek aukera berdinetan egiten dute jarduera fisikoa bertan.

Irisgarritasun unibertsalean Aenor zigiludun lehen kirol-zentroa da. Zentroko instalazioak eta zerbitzuak dibertsitate funtzionala dutenentzat, hots, guztientzat, irisgarriak direla bermatzen du zigilu horrek.

Hegalak Zentroa hainbat arlotako profesionalek osatzen dute, eta horiek elkarrekin koordinatuta lan egiten dute, zerbitzu osoa emateko, betiere dibertsitatea kontuan hartuta.

3.- BERRITZEGUNEAK, HEZKUNTZAREN LAGUNTZA ZERBITZUAK. GaituzSport Saria Jarduera fisikoaren bidez inklusioaren balioak sustatzen dituen erakundeari. 

Berritzeguneak, Hezkuntzaren laguntza-zerbitzu gisa eratu zirenak, hezkuntza berritu eta hobetzeko tresnak dira. Horien jarduera-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoko nahiz pribatuko ikastetxe guztiena da.

Gorputz  Hezkuntza bilakaera eta balorazio handiko prozesua bizi izaten ari da gizarte-transferentziako eta balio inklusiboak transferitzeko tresna gisa. Berritzegune-sareko profesionalen lanak eta ekarpenak ahalbidetu dute aldaketa.

4.- Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkartearen (AEOS) “MOSAICO DE SONIDOS” PROIEKTUA. GaituzSport saria Kirol-arlotik kanpoko jardunbide egoki inklusiboei.

Adimen-desgaitasuna dutenentzat musika bidezko gizarte-inklusioko proiektua da “Mosaico de Sonidos”. AEOSen proiektua da, eta horren jatorria, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (OSE), 2009. urteaz geroztik, desgaitasun funtzionala dutenentzat antolatzen dituen tailer eta jardueretan dago.

Gizarteko sektore ahuletako pertsonei on egitea da helburua eta, horretarako, orkestra sinfonikoak gizartea eraikitzeko eragile –erantzukizun sozial handikoak– bilakatzea.

Proiektu horretan 14 orkestrak parte hartu dute; Euskadin, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak: FEVAS Plena Inclusión Euskadi-ko elkarte batzuetako adimen-desgaitasuneko pertsonekin lan egiten dute  inklusio, dibertsitate, kultura eta aisiako “mosaiko” bat burutzeko.

“Mosaico de Sonidos” proeiktuak, eratu zenetik, musika adimen-desgaitasuna dutenei hurbiltzen die, Espainian zehar kontzertuak emanez.

5.- JON SANTACANA, domina paralinpikoa, eski egokituan. GaituzSport saria goi-lehiaketazko kirol egokituari.

Ikusmenaren % 5a izateak ez dio helburuak lortzen eragotzi Jon Santacana Maizateguiri (Donostia, 1980). Zortzi urte zituela, Stargardt-en gaixotasuna (gaitz genetikoa, erretinari erasaten diona) detektatu zioten eta horrek bizitza goitik behera aldatu zion.

Espainiako eskiatzaile paralinpiko sarituena da Santacana: bederatzi domina paralinpiko dauzka, horietako azkena, zilarrezkoa, Pyenongchang-eko neguko jokoetan lortutakoa, Miguel Galindo gidarekin. Eliteko kirolaren bitartez ahalegindu eta hobetu izanaren adibide bikaina.

6.- JAVI CONDE GaituzSport sari berezia kirolean eta jarduera fisikoan izandako ibilbideari. 

Javi Conde atleta 1964ko uztailaren 14an jaio zen Bilbon. Basaurin bizi da. Txapeldun paralinpikoa da eta munduko errekorra du. Arrakastaz beteriko ibilbide luzea du.

Garai guztietako euskal atleta paralinpiko onena da Conde. Bere kategorian, inork ez ditu bere markak gainditu, ez Espainian ez Europan, ezta munduan ere.

Halaber, Joko Olinpiko eta Paralinpikoen egoitza izan diren 29 hirietan maratoiak egin eta bukatu duen lehen kirolaria da munduan. Ibilbideari ematen zaion GaituzSport sariak bere lorpen profesionalak aintzat hartzen ditu eta, aldi berean, bere onberatasuna, hobetzeko grina, solidaritatea eta apaltasuna nabarmentzen ditu. Desgaitasuna dutenak eta horien premiak agerian jartzen saiatu da beti. Conderen aburuz,  “desgaitasunen bat dugunok gure ametsak gauzatzeko gai gara”. Gaur egun, eredu izaten eta aukera ematen jarraitzen du dibertsitatedun kirolariei egokitutako Basauriko Javi Conde Atletismo Klubean.

Gizarte inklusibo baten alde

Sariek aintzat hartzen dituzten kirolariek eta erakundeek, zeinek bere arloan, GaituzSport-en helburuak lortzen laguntzen dute: gizarte inklusiboa –dibertsitatea kontuan hartzen duena– eraikitzea, eta desgaitasuna dutenen eta ez dutenen artean Jarduera Fisikoa eta Kirola sustatzea aukera berdinetan, horien bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko eta horiek gizarteratzeko.

#gauinklusiboa

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.