Es | Eu | En ...........

GaituzSporten aldeko Kosta Trail arrakastatsua. Edizio inklusiboena eta, klimatologiaren eraginez, gogorrena

Ekainaren 15ean –igandea– arrakasta handiz burutu da 19. Kosta Trail kirol-proba. GaituzSporten alde egiten da, kirolaren bidez inklusioari laguntzeko. Forum Sportek antolatu ohi du, Salomon eta Laboral Kutxa laguntzaile izanda.

4.000 dortsalak proba hasi baino bi egun lehenago agortu ziren. Euria eta lohia gorabehera, parte-hartzaileen marea solidarioak (3.500dik gora) hiru modalitate hauetan parte hartu dute, jai-giroan: maratoi-erdia (21 km), mendiko ibilaldia (20 km) eta familia-ibilaldia (7 km).

Aarón Alonso eta Sara Gutiérrez izan dira 2025eko Kosta Trail mendiko maratoi-erdiaren irabazleak.

Aurtengo proba inklusiboena izan da, Pol Makuri kirolari paralinpikoak parte hartu baitu. Kosta Traileko maratoi-erdira itzuli da, eta 61. postua lortu du helmugan, gizonezkoen kategorian. Hala, proban kirol inklusioaren presentzia sendotu du, 2024ko partaidetza historikoaren ondoren. Gainera, Club Javi Conde klubeko desgaitasuna duten atletek parte hartu dute aurtengo lasterketan.

Antolatzaileen begirada inklusiboa ere nabarmendu beharra dago, sari-banaketan zeinu-hizkuntzako interpretea egon baita.

Kirola baino askoz gehiago

Urtero bezala, bildutako diruaren kopuru bat GaituzSport Fundazioari emango zaio. Fundazioak desGAITASUNA duten pertsonen inklusioa sustatzen du jarduera fisikoa eta kirola baldintza berdinetan egitea eta aniztasuna errespetatzea helburu izanda.“Eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaileei eta marea solidarioari gure proiektuari emandako babesagatik. Kirolean inklusioaren eta aniztasunaren balioak adierazten ditu Kosta Trail probak”, adierazi du GaituzSporteko presidente Xabier Leizeak.

Bestalde, Forum Sporteko Komunikazio eta Publizitate zuzendari Jesús Beamontek hau azpimarratu du: “Kosta Trail kirol-proba bat baino askoz gehiago da. Kirolaren bidez gizarte inklusiboago eta berdinzaleago baten alde egunero lan egiten duten proiektuak, hala nola GaituzSport, ikusarazteko eta babesteko aukera ederra ere bada. Horrelako ekimenek erakusten dute kirola gizartea aldatzeko eragilea izan daitekeela eta izan behar duela”.

Probak, halaber, jasangarritasunarekiko konpromisoa erakutsi du berriro ere, plastikoak murriztu eta seinale biodegradagarriak eta konpostagarriak erabili baititu, eta parte-hartzaileek autosufizientziaz parte hartu baitute. Gainera, aurreko edizioetako material grafikoa eta logistikoa berrerabili da, ingurumen-inpaktua minimizatzeko.

Aurten ere, Kosta Trail kirol-proba bat baino gehiago bezala sendotuko da: mendi-jardunaldia da, zeinean inklusioa eta ingurumenarekiko errespetua Kantauriko paisaia ikusgarrienetako batean partekatu diren.

Esker onak

Eskerrik asko, Forum Sporti, Salomoni eta Laboral Kutxari, proba posible egin eta kirol inklusiboari lagundu izanagatik.

Eskerrak, bereziki, Forum Sporteko Komunikazio eta Publizitate zuzendari Jesús Beamonteri eta Forum Sporteko Marketin zuzendari Izaskun Casasi, Kosta Trailen arima, bihotza eta lana izateagatik.

Eta eskerrik asko, bihotzez, gure boluntarioei, eraginkortasunez eta beti irribarre batekin lan itzela egin izanagatik.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.