Es | Eu | En

Auto-istripu ikaragarri batek goitik behera aldatu zuen Pilarren bizitza eta, harrezkeroztik, kirola izan du aliatu nagusi

Pilar Ciruela Osakirol GaituzSport

Kirolaren bidez norberaren burua hobetzeko eredu da Pilar Ciruela. Auto-istripu larri baten ondoren, berriro ibiltzen edo hitz egiten ikasi behar izan zuen. Gaur egun, bizimodu normala du.

 

  • “Istripuaren arrastoen ondorioz berriro ibili edo hitz egiteko gai ez nintzela izango esan zidan sendagileak, ezta pentsatu ere seme-alabak izateko, … Baina, begira, ibiltzeko eta hitz egiteko gai naiz gaur egun, eta ez dut seme edo alaba bakarra, seme bat eta alaba bat baizik”.

  • “Jarduera fisikoa egiteak, batez ere, igeri egiteak, fisikoki sendatzen lagundu dit, baita mentalki ere, eta nire emozioak, beldurra, segurtasunik eza eta antsietatea kontrolatzeko funtsezkoa izan da”.

  • Lan-istripu edo gaixotasun baten ondorioz desgaitasuna dutenentzat sortu den Osakirol osasun-programak, jarduera fisikoaren bidez gizarteratzen eta ohikotasunera itzultzen laguntzen die pertsona horiei.

 PILAR CIRUELA ertzainari, 27 urte zituenean, auto-istripu ikaragarri batek bizitza goitik behera aldatu zion. Ez zela berriro ibili, hitz egin edo seme-alabarik izateko gai izango esan zioten. Eta orduan, kirola, bere “bizio” bakarra, aliatu nagusi izan zuen.

Gaur egun, Pilarrek 49 urte ditu eta bizitza “normala” darama, istripuaren arrastoek badiraute ere: gertatu berriko oroimenaren erasan kognitiboa, lanera itzultzea eragotzi diona, baina umore-senaz daramana; eta fisikoki, ezkerreko zangoaren belaunburua galdu izana. Horixe da Pilar Ciruelaren istorioa, beste istorio izengabe batzuen antzekoa, istorio eredugarriak, gertaera traumatiko baten ostean beren buruak hobetu egin dituztenenak, kontatzea merezi dutenak.

“Astearte lainotsua zen eta, egunero bezala, autoz nindoan lantokira”, gogora ekarri du Pilarrek, “eta, bat-batean, trailer batek, deskuiduz, noranzkoa aldatu zuen eta nik ibilgailua galgatu banuen ere, talka itzela gertatu zen; beribil barruan harrapatuta geratu nintzen eta su-hiltzaileek atera behar izan ninduten. Anbulantzian trakeotomia egin zidaten, Vitoria-Gasteizko Txagorritxuko ospitalera gindoazela”.

Zango, belaun, femur, aldaka eta barailezurraren (hiru aldetatik zegoen apurtuta) hausturak konpontzeko ebakuntza luzea egin ondoren, eskaner batean buruan bi odolbatu zituela ikusi zuten, eta presako ebakuntza egin zioten Gurutzetako Ospitalean.. “Ia hilda egon nintzen, 16 egun eman nituen koman eta bi astez arnasketa lagunduz”.

Baina bizitzara itzuli zen, eta zerotik hasi behar izan zuen: besteak beste, ibiltzen edo hitz egiten ikasi. “Istripuaren arrastoen ondorioz ez nintzela ia ezer egiteko gai izango esan zidan sendagileak, ezta pentsatu ere seme-alabak izateko, … Ba, begira, ibiltzeko eta hitz egiteko gai naiz, eta ez dut seme edo alaba bakarra, seme bat eta alaba bat baizik”, adierazi du harro, irribarre handi batekin.

Kirola, “bizio” bakarra, funtsezkoa sendatzeko

Kirola funtsezko izan du sendatzeko emakume gogotsu horrek: txikitatik, eskauta zen, frontenisean jokatzen zuen, mendiaz eta bizikletaz gozatzen zuen, eta Arabako xake-txapelduna izatera iritsi zen. Hobetzeko grina eta jarrera baikorrak, pixkanaka borrokatzen hasten lagundu zioten. Sendatu eta errehabilitatzeko prozesua luzea eta oso neketsua izan zen.

“Egun batean, ospitaleko gelan mugitu ezinik nengoela, lurrera bota nuen nire burua, ezin nuen ohean etzanda jarraitu, eta arrastaka bainugelara joan nintzen. Orduan erizain bat agertu zen eta errieta egin ostean, gurpil-aulki bat eman zidan, eta hor hasi nintzen. Adierazitako  errehabilitazioaren bikoitza egiten nuen, bakarrik ibiltzen hasi nahi nuen, buru-belarri aritu nintzen eta lortu egin nuen”. Urte baten ondoren, oraindik herrenka zebilenez eta egonkortasunik ez zuenez, egunero igeri egitera joatea erabaki zuen, eta lortu egin zuen.

“Jarduera fisikoa egiteak fisikoki sendatzen lagundu dit, baita mentalki ere, horren egoera traumatiko baten eragiten dituen emozioak, beldurra, segurtasunik eza eta antsietatea kontrolatzeko funtsezkoa baita”, aitortu du Pilarrek. Kirol-jarduerak dakartzan diziplina eta irmotasuna funtsezkoak izan dira errehabilitazio-prozesuan.

 

Osakirol programa: Oskar eta Pilar, monitorea eta erabiltzailea

Programa Osakirol GaituzSport Vitoria - Gasteiz

Osakirol programaren saioa, Vitoria-Gasteizko Almudena Cid Zentroan.

 

Pilarrek Osakirol osasun-programan parte hartzen du. Programa hori Mutualiako Prestazio Berezien Batzordeak onartu du lan-istripu edo gaixotasunen ondoren agertutako desgaitasuna duten pertsonentzat, Vitoria-Gasteizko Almudena Cid Zentroan. GaituzSport-ek sustatu eta koordinatzen duen programa, Donostian –Hegalak Zentroan– eta Bilbon –San Inazioko kiroldegian– ere egiten da.

“Poz-pozik nago ariketekin, batez ere, uretan egiten direnekin, igeri egitea ongi datorkidalako, lasai irteten naiz uretatik; eta gelan, gimnasioan, egiten diren ariketak oso onak dira, batez ere, bizkarra indartzeko. Taldea oso atsegina da eta monitoreek norberarentzat egokienak diren ariketak adierazten dituzte, norberaren beharretara egokituak, eta horrek segurtasun handia ematen du”.

Pilarrek gomendatu egiten du, “zeren eta, saioen ostean, fisikoki askoz hobeto sentitzen baitzara. Etxera lasai-lasai iristen naiz … Eta psikologikoki ere laguntzen du, gizarteratzen laguntzen duelako”.

OSKAR LACALZADA jarduera fisikoko monitorea da eta 11 urtetik gorako esperientzia du Zuzenak Fundazioan dibertsitate funtzionaleko pertsonekin lan egiten. Era berean,  GaituzSport-en Osakirol programaren (Pilarrek Vitoria-Gasteizen parte hartzen duen programa) arduraduna da.

Zein jarduera egiten dituzue erabiltzaile-taldearekin?

Jarduerak bi egunez gelan eta egun batez igerilekuan egiten dira. Jarraibideak ahalik eta gehien pertsonalizatzen saiatzen gara, oso talde heterogeneoa daukagulako. Lan-istripua izan eta Mutualiako errehabilitazio denboraldien bidez lehenengo fase medikoa (neketsuena) gainditu ostean datoz. Jarduera fisikoa hasteko, egunerokotasuna normalizatzeko eta beldurra kentzeko datoz hona. Eta jarraibide egokien bidez, jarduera fisikoa egiten hasten dira.

Oso talde diziplinatua da, egiten ari diren lana –jarrerazkoa eta indartzekoa– patologientzat egokiak dela egiaztatzen dutelako.

Oskar, zein onura dakar Osakirol programak?

Fisikoak, patologia hobetzea, alde lesionatuari itsatsitako muskulatura indartzea. Jarrerekin kontuz ibili behar dira, min hartu ahal dutelako, eta profesional batek gidatu behar ditu. Eta emozioei dagokienez, onura asko dago: konfiantza lortzen dute, lehen egiteko gai ez ziren gauza asko egiteko gai direla ohartzen dira.

Hona datozenean, min-denboraldi asko igaro dituzte; beren patologiak hobetu egin dira, baina ez nahi beste. Beti esaten diet programari aukera eman behar diotela, baita niri ere, profesional gisa. Eta, egiaz, hemendik igaro diren pertsona guztiak oso pozik daude eta gehienek gurekin jarraitzen dute. Osakirol programa ohikotasunera itzultzeko modua ere bada,  gizarteratzekoa.

Oskar Lacalzada Osakirol GaituzSport

Osakirol programaren monitore Oskar Lacalzadak, jarduera fisikoak eta kirolak pertsona guztiei dakarzkien onura fisikoak eta mentalak azpimarratzen ditu.

 

Profesional bezala, nola balioztatzen dituzu programa honetatik igarotzen diren pertsonen emaitzak?

Pozgarria da egunez egun hobeto daudela ikustea. Horrelako patologia larriak dituztenek, jarrerazko berariazko jarraibideen bidez eta muskuluak indartzen bizi-kalitatea hobetzen dela ikusten dute, eta hori oso atsegingarria da.

Osasunaren Mundu Erakundeak eta osasun-profesionalek jarduera fisikoa edota kirola egin behar dela gomendatzen badute ere, pertsona sedentarioen ehunekoa oso handia da. Zer esango zenieke pertsona horiei, jarduera fisikoa egitera anima daitezen?

Osasuntsu egoteko eta patologia larriak eragin ditzaketen arrisku-faktoreak, hala nola, kolesterol-mailak, hipertentsioa edo obesitatea, kontrolatzeko ezinbestekoa da. Lehenago edo geroago, biztanle sedentario horiengan ondorioak izango dira. Milaka aukera daude jarduera fisikoa edo kirola egiteko, norberak aurkitu behar du gogokoen duena eta bere beharretara hoberen egokitzen dena, baina mugitu egin behar dira, aktibo egon.

Gaur egun ona da hasteko… Pilarrek eta beste pertsona batzuek bezala, jarduera fisikoa eta kirola osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko aliatuak izango baitituzte.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.