Es | Eu | En

Ingurune inklusiboetan kirola eta jarduera fisikoa egitea, gizarte-kohesioko oso tresna baliagarria da

 

  • “Mundu guztian 650 milioi pertsona bizi dira desgaitasunen batekin, eta biztanle horiek zailtasun gehiago izaten dituzte kirola egiteko”

  • “Sedentarismoa edo egoneko bizitza da laugarren hilkortasun arrisku-faktore nagusia, Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera”

  • “Jarduera fisikoa eta kirola egiteak, onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak dakartza. Desgaitasuna duten pertsonengan, gainera, autonomia funtzionala handitzen du eta ospitaleko egonaldiak gutxitzen ditu”

 

Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) osasunaren onerako jarduera fisikoaren gainean eman dituen gomendioen arabera, egoneko bizitza laugarren hilkortasun arrisku-faktore nagusia da  munduan (% 6). Horren gainetik, hipertentsioa (% 13), tabakoren kontsumoa (% 9) eta odoleko glukosa gehiegia (% 6) bakarrik.  Gehiegizko pisua eta obesitatea munduko hilkortasun-tasaren % 5 dira (1).

Jarduera fisikorik ez egiteko joera gero eta hedatuago dago herrialde askotan, eta gelditasun horrek eragin handia du munduko biztanleen osasunean, gaixotasun kardiobaskularren, diabetesaren edo minbiziaren prebalentzian, eta horien arrisku-faktoreetan, hala nola, hipertentsioan, odoleko glukosa gehiegian edo gehiegizko pisuan. Jarduerarik eza da bularreko eta koloneko minbizien % 21-25 ingururen kausa nagusia, diabetesaren % 27rena eta kardiopatia iskemikoen % 30ena (1).

Baina biztanle-talde guztien artean, desgaitasunen bat dutenek egiten dute jarduera fisikorik gutxien, beren egoerarekin loturiko oztopoak direla eta, jarduera fisikoa edo kirola egiteko zailtasun gehiago dituztelako.

Gaur egun, munduan 650 milioi pertsonek dute desgaitasunen bat. Kontuan hartzen badugu, alde batetik, munduko biztanleria ugaritu egin dela eta, bestetik, osasun-arloko aurrerapenek bizi-itxaropena luzatzea lortu dutela, aurreikusteko modukoa da geroan desgaitasunen bat izango dutenen pertsonen ehunekoa gero eta handiagoa izango dela.

Hain zuzen ere, denbora aurrera joan ahala sortzen dira desgaitasunak eragin ditzaketen patologiak edo istripuak. Beste era batera esanda, gizaki guztiok eduki dezakegu desgaitasunen bat bizitzan zehar, aldi baterako edo betiko.

Kirola egiteak dakartzan onurak

Gero eta ikerlan gehiagok bermatzen dituzte jarduera fisikoa eta kirola egiteak gorputzari, buruari eta gizarte-harremanei dakarzkien onurak, baina desgaitasunen bat duten pertsonez ari bagara, kirola egiteak adierazitako onurak ez ezik sozializazioan eragin zuzenak dituzten onurak ere dakartzala ikusiko dugu, zeren eta pertsona horien gaitasunak hobetzen baitira eta maila psikologikoan onurak gertatzen baitira, berregokitze funtzionalari lagunduz eta autonomia funtzionala eta soziala areagotuz. Era berean, ospitaleko egonaldiak laburtuko dira eta, ondorioz, horien osasun-gastua murriztuko da.

Azkenik, azpimarratu beharra dago kirola eta jarduera fisikoa kapital sozialaren sortzaile direlako ideia, jarduerak egiten diren ingurune inklusiboaren ondoriozko sare sozialak garatzen laguntzen dutelako.

Ingurune inklusiboetan kirola eta jarduera fisikoa egitea, eragile itzela da komunitatea sortzeko eta, gainera, kohesio sozialeko tresna baliagarria da (3).

Azken kontu horiek kontuan hartuta, gogoeta egin behar dugu benetako behar honetaz: jarduera fisikoa egitea sustatu behar da, baina baita jarduera hori inklusiboa izatea ere. Hain zuzen ere, helburu hori lortzeko lan egiten dugu GaituzSporten bildutakook, pertsona guztiek baldintza beretan jarduera fisiko eta kirol inklusiboak egin ditzaten. Jardunbide egoki horiek errazteko, onura partekatuak sortzearren, gizarteko eragile guztiak inplikatuko balira, horrek esan nahi izango luke pertsona guztiez arduratzen den gizarte aurreratu batean bizi garela.

———————————————————————————————-

Bibliografia:

  1. Global health risks: mortality and burden of disease attributable to selected major risks. Geneva, Organización Mundial de la Salud, 2009.
  2. The global burden of disease: 2004 update. Geneva, Organización Mundial de la Salud, Ginebra, 2008.
  3. http://femede.es/documentos/Discapacidadv1.pdf

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.