Es | Eu | En

“GaituzSport-en bildutakoak, inklusioa egia izan dadila lan egiten dugu”

  • “Gizarteratzeko modu bikaina da kirola”
  • “Desgaitasuna dutenek jarduera guztietan eskubide osoko herritar bezala parte har dezaten lortu behar da”
  • “Erakundeen konpromisoa behar dugu gizartea aldatzeko”

 

Hernández Zubizarretak, kirol egokituaren munduan erreferentea denak, hauxe dio: “gure kolektiboa ikusezina zen duela gutxira arte, eta ezjakintasunak beldurra eragiten du eta beldurrak, gutxiespena”.

 

 

 

 

Porfirio Hernández Zubizarreta, Kirol Egokituaren Euskal Federazioko Presidentea, Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Kirolen Espainiako Federazioko Presidenteordea eta Kirolaren Euskal Kontseiluko kidea da. Eta, gainera, GaituzSport Proiektuaren burua da, lan, jakintza, ilusio eta errealismo handiz. “Pertsona guztiak gizarteratzen aurrera egitea” da helburua.

Porfi –ezagunok horrela deitzen diogu– erreferentea da kirol egokituaren munduan, kirol egokitua funtsezko aldea baita bere bizitzan. Bere hitzetan, “ez dut ulertzen bizitza kirolik gabe”. Hiru urterekin diagnostikatu zioten poliomielitisari aurre egiten lagundu zion kirolak, txikitatik.

Gure presidenteak asko daki kirolaz, baina baita psikiatriaz –ogibide izan du– eta bizitzaz ere. Porfirekin mintzatzen izandako uneek, gogoeta eta ikaskuntza dakartzate beraiekin, hurkotasun eta sentsibilitatez apainduta.

Izan ere, solasaldi batetik sortu da post edo sarrera hau, GaituzSport-en blogean argitaratu dugun lehena. Ongi etorri sutsua ematen dizuegu blog honetara.

Nola sortu zen GaituzSport proiektua? Zergatik?

Eusko Jaurlaritzako hainbat sailekin batera “2015 – 2016 Kirol Egokituari buruzko Euskal Plana” deritzonean lan egiten dugun kirol egokituarekin loturiko pertsonen (monitoreak, teknikariak, kudeatzaileak, presidentea …) talde heterogeneo batetik sortu zen proiektua. Gogoeta horrek espazio handiagoa hartu zuen, baina, beste beharren artean, federazioz kanpoko gorputz-jardueraren tokia betetzekoa antzeman zuen. Hots, herritarrek ongi pasatzeko, osasuntsu egoteko, elkarrekin harremanak izateko eta bizi-kalitate hobea izateko egiten duten gorputz-jarduera. Plan horretan, desgaitasuna edo aniztasun funtzionala duten herritarrak jarduera fisikora hurbiltzeko beharra egiaztatu da, bi helbururekin: gorputz- eta kirol-jarduera sustatzea eta herritarrak desgaitasunarekiko sentikor bihurtzea; aldi berean, gizarte-inklusioa bultzatzea, kirolaren balio onuragarriak oinarri hartuta, eta desgaitasuna dutenen “gaitasuna” erakustea. Inklusioa da gure jardueraren xede.

Gorputz- eta kirol-jarduerak gure osasun fisikoari eta mentalari onurak dakarzkio, baina, aldi berean, gizarteratzeko tresna eraginkorra al da?

Segur aski, espaziorik onenetako bat da gizarteratzeko. Gogobeteko esperientzia askok egiaztatzen dute hori. Baina esperientzia horiek, ez dira gertaera bakanak –balio handikoak badira ere– izan behar; gizarteratzea gure herriko errealitate inklusiboa bilakatu behar da.

Pertsona guztien benetako inklusioa konpondu gabeko kontua da oraindik. Zer egin dezakegu aurrera egiteko?

Inolako zalantzarik gabe. Esperientzia horiek normalizazio-ohitura egiteko urrats handia eman behar da oraindik, desgaitasuna dutenek jarduera guztietan eskubide osoko herritar bezala parte har dezaten, GaituzSport bezalako proiektuak beharrezkoak izan ez daitezen eta inklusioa xedea baizik, errealitatea izan dadin.

Zeure esperientzia ikusita, zer ekarri dio kirolak zure bizitzari?

Hiru urte nituela, haurtzaroko poliomielitisa diagnostikatu zidaten. Txikitatik, familia kementsu eta ingurune atsegin eta inklusibo bati esker, era guztietako kirolak egin nituen (igeriketa, olatuak hartzea,tenisa, frontenisa, urpeko arrantza, bizikleta gainean ibiltzea ….), eta hain normal egin nituenez, nagusi izatean bakarrik konturatu nintzen zoritxarrez –eta ikustarazi nindutelako– ohiz kanpokoa zela.
Ondoren, nagusi izanda, federatuta, gurpil-aulkiko saskibaloia eta gurpil-aulkiko mahai-tenisa egin ditut urte askoz, piraguismoa eta, orain, gurpil-aulkiko padela.
Kirola egin gabe ez dut bizitza ulertzen. Niretzat oso garrantzitsua izan da eta uste dut nire izaera kirolaren baitan moldatu dela. Horrekin dena esaten dudala uste dut …

Zer deritzozu Euskadi bezalako gizarte aurreratu batean desgaitasuna edo aniztasun funtzionala dutenek gainerakoen baldintza beretan gorputz-jarduerarik edo kirolik ezin egiteari?

Imajinatu. Niretzat oso garrantzitsua izanda, kostatzen zait ulertzea errealitateak hainbeste doitze behar izatea. Baina esan beharra daukat gure gizartea irekia dela eta pixkanaka ohitura zaharkituak aldatzen ari dela. Kostatzen du aldatzeak, zeregin nekeza eta luzea da aldatzea, eta gizarte guztiaren laguntza behar du, baina, batez ere, erakunde publikoena, azken erantzuleak direlako, eta horren euskarri diren egiturena, zeinetan desgaitasunen bat dutenek parte hartzen duten.

Uste al duzu herritarrek ez dituztela ezagutzen aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak?

Ez dituzte ezagutzen. Oso zaila da bestearen lekuan jartzea eta horren bizipenak eta beharrak ezagutzea. Ezjakintasunak beldurra eragiten du eta beldurrak, gutxiespena. Duela gutxi, ez geunden ikusgai. Orain, gero eta gehiago eta, esan dudan bezala, gure herria adeitsua da eta ulertu eta ikasteko prest dago. Baina gure bultzada ere behar da. Hor egon behar dugu, mila aldiz azaldu behar ditugu gure beharrak …

 

Erakundeen konpromisoa gizartea ALDATZEKO

Iñigo Urkullu Lehendakariak, GaituzSport-en egiten dugun lanaren alde dagoela erakutsi dizu zeuri eta jendaurrean. Zer deritzozu?

Tira, esango dudanak, lausengua emango du, baina berdin zait. Hau pentsatu eta sentitzen dut: Urkullu Lehendakaria, lehen minututik, gure sostengurik handiena izan da. Losintxarik gabe, tontakeriarik gabe. Soilki eta argi, bera bezala. Benetan, harrituta geratu nintzen mezua zein azkar ulertu zuen eta zein trinko lagundu duen ikustean. Esker oneko hitzak besterik ez ditut berarentzat.

Porfirio Hernández Zubizarreta, Iñigo Urkullu Lehendakariarekin hizketan, III. GaituzSport Sarietan.

 

GaituzSport-eko presidente eta horren sustatzaile gisa, nola interpretatu eta azaltzen dituzu proiektuak azken urtean izan duen abantzua eta hazkundea?

Denborak arrazoia eman digu. Bere garaian egin genuen diagnostikoa egia zen eta beharrak, anitz. Lehenago adierazi ditudan balioak –osasuna, sozializatzea, bizi-kalitatea…– oinarrizko dituzten herritarrengan behar handia antzeman izanaren sintoma da. Gainerako herritarrengan gertatzen den bezala, sinetsita nago jarduera fisikoa aztura bihurtzeak osasun-zerbitzu gutxiago kontsumitzea ekarriko duela, eta hori ona da guztiontzat.

Zein dira epe laburrerako helburu nagusiak?

Erakunde publikoak (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak…) proiektu honetan inplika daitezela. Eta ez naiz diruaz ari, gizartea aldatzen laguntzeko konpromisoaz baizik, hori baita benetan garrantzitsua. Ez dugu zerbitzu berririk nahi, badaudenak osorik erabili gabe; helburua da badauden baliabideak optimizatzea. Eta hori posible da.

Besterik adierazi nahi baduzu… .

Amets honetan konfiantza agertu dutenei, inplikatu diren langileei eta gurekin besoz beso lan egiten duten erakundeei eskerrak ematea, besterik ez. Eskerrik asko, egunero, gure gizarte modernoak aurrera egin dezan, proiektu inklusibo honekin bat egiten duten guztiei.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.