
GaituzSport Fundazioak Euskaliten XV. edizioko “Berrikuntza kirol-erakundeetan” 3K Programaren Diploma jaso du, hiru urtez parte hartu eta prozesua amaitu ondoren. Beste aurrerapauso bat eman dugu gure lanaren eta kudeaketaren berrikuntzan eta kalitatean.
Diplomak emateko ekitaldia urriaren 27an izan zen, Donostiako Kirol Etxean. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriagak eman zizkien diplomak erakunde partaide guztiei.
Topaketa horretan, halaber, berrikuntzaren jardunbide egokien hiru adibide aurkeztu ziren. GaituzSporteko koordinatzaile nagusi Xabier Leizeak eta GaituzSporteko Kudeaketa arduradun Juan Jauregizarek “Kiprest”aurkeztu zuten: kirol-erakundeen berrikuntzaren jardunbide egokien adibidea, tresna eraginkor eta jasangarria, alegia, desGAITASUNA edota osasun-nahasmendua duten pertsonek udaleko kirol-zerbitzuetan parte har dezaten.