Es | Eu | En

Gau Inklusiboa eta GaituzSport Sariak, Donostian

 

  • Hauek izan ziren GaituzSport saridunak: Euskadiko lehen mailako futbol-klubak, Real Sociedad, Athletic Club de Bilbao, S.D. Eibar eta Deportivo Alavés; Kosta Trail lasterketa; Gipuzkoako Surf Federazioko “FederArte Festibala”; Bidaideak Bilbao BSR, gurpil-aulkiko saskibaloia, eta Joxe Agirretxe eta Bizipoza.

  • Jardunbideari dagokion sari berezia Mikel  Izaguirreri eman zitzaion, Gipuzkoan, eskuzabalki, kirol egokitua eta inklusioa sustatzen eman dituen 40 urte baino gehiago aintzat hartzeko.

  • Gau Inklusiboan gizarte-arlo ezberdinetako 200 lagun elkartu ziren eta erakundeetako ordezkari asko egon zen. Ekitaldia streaming bidez ikusteko aukera ere egon zen.

  • Iván Navarro dantzari gorraren eta Iris Vázquez dantzariaren emanaldia egon zen, eta Porrotxek eta Bizipozak alaitasunez eta pozez bukatu zuten emanaldia.  

Donostiako Kursaala urdinez jantzi zen IV. Gau Inklusiboa eta GaituzSport  Sariak hartzeko.

INKLUSIOA izan zen  GaituzSport Fundazioak eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioak Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioaren laguntzarekin antolatu zuten ekitaldiaren protagonista. Ekitaldi horren helburua da pertsonek eta erakundeek, jarduera fisikoaren eta kirolaren eskutik, gizarte inklusiboagoa, bidezkoagoa eta berdinzaleagoa lortzeko egiten duten lan eredugarria aintzat hartu eta sustatzea.

Gau Inklusiboa ekitaldia Euskadiko hiriburu batean antolatu ohi da urtero eta aurten, Donostian, erakunde hauek laguntzaile izanda egin da: Eusko Jaurlaritza,  Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Laboral Kutxa. Eskerrik asko, laguntzagatik eta  hain sentibera izateagatik.

Oscar Terol  aktore eta gidoilari polifazetikoa eta Alazne Etxebarria antzezlea izan ziren emozioez eta aniztasunez beteriko gau biribilaren aurkezleak.

Gaueko lehenengo emanaldia, erritmo onean

Inklusioaren gaua modu bikainean hasi zen, Iván Navarro eta Iris Vázquez dantzarien emanaldi bikainaren eskutik. Iván, jaiotzetik gor sakona, eta Iris Vázquez dantzariak kirol-dantzan lehiatzen dira, dantza latino eta estandarretan.

Iván hobetzeko grinaren eredu argia da, eta hemezortzi hilabetetatik kokleako inplanteak daramatza. Ehuneko berrogeita zazpiko (% 47ko) desGAITASUNA badu ere, guztiz gizarteratuta egotea lortu du, eta dantza “euskarri eta autoestimu injekzioa da berarentzat”.  Hainbat sari eta beka irabazi ondoren, dantza-kidearekin entrenatzen du Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Chayanneren erritmora ikuskizun bikaina eman zuten.

 

GaituzSport-eko presidentearen mintzaldia

Ondoren, aurkezleek GaituzSport Fundazioko eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidente Porfirio Hernández Zubizarreta gaueko anfitrioari  agertokira igotzeko gonbit egin zioten. Bertaratutakoei eskerrak eman ondoren, inklusioaz mintzatu zen: “Zertarako nahi dugu gizarte inklusibo baten alde lan egin? Erantzunak argia eta erabatakoa izan behar du: ezberdintasunik gabeko komunitatea sortzen laguntzeko. Horretarako, gizarte-transferentzian jarri behar dugu arreta, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren bidez egiten dugu hori, biak tresna sozializatzaile oso eraginkorrak baitira”, adierazi zuen Hernandez Zubizarretak. Eta mintzatzen jarraitu zuen: “Horixe da GaituzSport-en bildutakoon lana; kirolean inklusioa posible izateko baliabide beharrezkoak errazten dituen “tresna””.  

  GaituzSport Sarien banaketa

1.-  Kiroletik kanpoko jardunbide egoki inklusiboei dagokien GaituzSport Saria, Joxe Agirretxeri eta Bizipoza Elkarteari, aniztasun, gizarteratze eta elkartasunarekiko errespetua sustatzeagatik eta umeei eta horien familei laguntzeagatik, elkarte ugariekin elkarlanean arituz. Agirretxek, hots, “Porrotx”ek, dioenez: “Pailazoa izatea bizimodu konstruktibo, errespetutsu eta onuragarria da”.

Donostiako alkate Eneko Goiak eman zion saria Joxe Mari Agirretxeri. Eta Bizipozaren ordezkari gisa, Leire Elizegik, Amaia Irazustak eta Ramón San Sebastiánek hartu zuten saria.

2.- Partaidetzako jardunbide inklusibo egokiei dagokien GaituzSport Saria, Gipuzkoako Surf Federazioak, Euskal Herriko Surf Federazioaren laguntzarekin, martxan jarri duen “FederArte Festibala” ekimenari,  desGAITASUNA dutenen eta ez dutenen artean surfean inklusioa sustatzeagatik, baita berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua sustatzeagatik ere.

Laboral Kutxako merkataritza-zuzendari Javier Cortajarenak eman zion saria Gipuzkoako Surf Federazioko presidente Maialen Sáezi.

3.- Goi Lehiaketako Kirol Egokituari dagokion GaituzSport Saria, gurpil-aulkiko saskibaloiko BIDAIDEAK BILBAO BSR Klubari, azken bi denboraldietan lortutako kirol-arrakastengatik eta balio eta zaletasunaren eredu izateagatik.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eman zuen saria, eta Bidaideak Bilbao BSR Klubeko presidente Txema Alonsok  hartu zuen, José Manuel Centeno, Patxi  Suárez eta Xabi Iragorri jokalariekin batera.

4.- Inklusioa sustatzen duten erakundeei dagokien GaituzSport Saria, Lehen Mailako Euskadiko 4 Futbol Klubei, hain zuzen, Real Sociedad, Athletic Club de Bilbao, Deportivo Alavés eta SD Eibar klubei, Genuine Ligaren bitartez futbolean desGAITASUNA duten pertsonen parte-hartzea sustatzeagatik.

Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eman zizkieten sariak klubetako ordezkariei: Real Sociedad-en izenean, Mikel Ubarretxena presidenteordeak hartu zuen saria.

Deportivo Alavesen izenean, 5 + 11 Fundazioko zuzendari Luis Querejetak jaso zuen saria.

SD Eibar Fundazioaren izenean, Mikel Larrañaga presidenteordeak jaso zuen saria.

Eta Athletic Club de Bilbao-ren izenean, Clubeko presidente Aitor Elizegik, Athletic Club Fundazioko presidente Juan Carlos Ercorecak eta Eli Ibarra eta Esteban Feijoo entrenatzaileek.

5.- Lehiaketako jardunbide inklusibo egokiei dagokien GaituzSport Saria, Forum Sport-ek antolatzen duen KOSTA TRAIL LASTERKETAri, duela hamalau urtez geroztik, desGAITASUNA dutenen ez dutenen inklusio eta parte-hartzearen eredu izateagatik eta, era berean, gizartean ohitura osasungarriak eta elkartasuna sustatzeagatik.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza Larrañagak eman zien saria Forum Sport-eko Komunikazio eta Publizitate zuzendari Jesus Beamonteri eta Forum Sport-eko Publizitate Saileko Izaskun Casasi.

6.- Jardunbideari dagokion GaituzSport Sari berezia, MIKEL IZAGUIRREri, bizitzaren zati handi bat, berrogei urte baino gehiago, Gipuzkoan kirol egokitua eskuzabalki eta gogotsuki sustatzen emateagatik. Erreferentziako pertsona da, bere jakinduriagatik eta balio bihozberengatik.

Gaueko unerik hunkigarriena izan zen Mikelek Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanoren eskuetatik saria hartu zuenean.

Muskulu-distrofia badu ere, endekapenezko gaixotasun horrek ez dio eragotzi buru-belarri jardutea. Lorpen ugariren artean, hauek aipa ditzakegu: 90eko hamarkadan Gipuzkoako lehenengo gurpil-aulkiko saskibaloi-taldea, Club Deportivo INDAR, sortu zuen eta, 2003an, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioa eratzeko erronka onartu zuen. Funtsezkoa izan da, bere ezagutza joriagatik, Hegalak Kirol Zentro eta Hegalak Zabalik Fundazioaren alderantzizko inklusio proiektuan. Eta 2011n, Kirol Egokituaren MINDARA Kluba sortu zuen Errenterian.

Mintzaldian, Mikel Izaguirrek hauxe adierazi zien bertaratutakoei: “% 96ko desGAITASUNA dut, nire gorputzaren mirabe naiz, baina kirolak amets eginarazi dit …..Pilotaria eta gurpil-aulkiko jokalaria izan naiz… Izan nahi izan dudana izan naiz, eta gainerakoengan egin dut, eta hori bizitzan izan dudan gozamenik handiena izan da “. Eta, bukatzeko, inklusioak duen garrantzia azpimarratu eta esaldi hau esan zuen: “Pertsonen balioa beren ametsengatik neurtzen da”.

Bertaraturikoek gauko txaloaldi handiena eman zioten, zutik.

Gizarte inklusiboaren alde

Gizarteko arlo guztietako 200 lagun elkartu ziren inklusioaren gauan, hainbat erakundetako ordezkariak ere, hala nola, Donostiako alkate Eneko Goia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza Larrañaga, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria.

Hauek ere bertaratu ziren: Kultura sailburuorde Maite Alonso eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, Kirol zuzendari Jon Redondo eta Gizarte Gaietako zuzendari Emilio Sola.

Baita hauek ere: Zarauzko alkate Xabier Txurruka, Tolosako alkateorde Patxi Mintegi, Rebeka Ubera legebiltzakidea, Donostiako Udaleko zinegotzi Alfonso Gurpegi eta Ane Oyarbide, Bilboko Udaleko zinegotzi Beatriz Marcos eta Barakaldoko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Mikel Antizar.

Halaber, Laboral Kutxako ordezkari hauek bertaratu ziren: Javier Cortajarena, merkataritza-zuzendaria, eta Joxe Murua, Donostiako bulego  nagusiko zuzendaria.

Eta kirol-arloko pertsona hauek, besteak beste: Alberto Álvarez, Kirol Egokituaren Espainiako Federazioko presidentea; Aitor Elizegi, Athletic Club-eko presidentea; Juan Carlos Ercoreca, Athletic Club Fundazioko presidentea; Mikel Ubarrechena, Real Sociedad-eko presidenteordea; Deportivo Alavésen 5+11 Fundazioko zuzendaria,  Luis Querejeta ; Mikel Larrañaga, SD Eibar Fundazioko presidenteordea; Txema Alonso, Bidaideak Bilbao BSR-ko presidentea; Axi Muniain eta Aitor Francesena surflariak;  eta José Manuel Centeno, Patxi Suárez eta Xabi Iragorri, Bidaideak Bilbao BSReko jokalariak.

  Porrotxen eta Bizipozaren azken emanaldia

 

Eta Porrotxen eta Bizipozako hainbat elkartetako 20 partaideren eskutik, gauko azken emanaldia iritsi zen. Agertokia aniztasunez, alaitasunez eta kolorez bete zuten, “Pausoka” abestiaren eta dantzen eskutik.

 Saridunen eta sari-emaileen argazkia

Óscar eta Alazne aurkezle bikainek saridunei eta sari-emaileei agertokira igotzeko esan zieten, argazkia egitera, eta, ondoren, IV. Gau Inklusiboari agur esan zioten, eta bertaratutakoak musikarekin girotutako koktelaz gozatzera animatu zituzten.

Hurrengo Gau Inklusiboa Vitoria-Gasteizen izango da, baina hori beste “istorio” bat da …

Gure ESKER ONIK zintzoena, agintariei, babesleei, bertaratutakoei eta aurkezleei. Eta zorionak eta eskerrik asko, sarituei, inklusioaren alde egiten duten lanagatik.

Gau Inklusiboaren bideoa, hemen ikusgai:

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.