Es | Eu | En

“Gela egonkorrak eta igeriketa”, jarduera fisikoaren gaineko programa hezigarria

Gela egongorrak eta igeriketa programa

  • Jarduera fisikoa egiteak askotariko onura fisikoak, psikologikoak eta sozialak eragiten ditu pertsonengan, eta desgaitasuna dutenengan, gainera, norbere autonomia eta gizarte-inklusioa sustatzen ditu.

  • Adimen-desgaitasuna eta garuneko paralisia duten 78 ikaslek GaituzSport-en “Gela Egonkorrak eta Igeriketa” programan parte hartu dute. Eskaintza hori proposamen terapeutikoa eta hezkuntza-, olgeta- eta kirol-proposamena da. 

  • Desgaitasuna duten pertsonek sozializatzeko giro aproposa behar dute, eta aisia oso garrantzitsua da garatzeko.

Gizarte Berrikuntzarako proiektua da GaituzSport, Kirol Egokituaren Euskal Federazioak sustatzen duena. Sarean lan egin eta Komunitatea sortzen duen plataforma da. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren bitartez gizarte inklusiboa eta aniztasuna aintzat hartzen duena eraikitzea du helburu nagusi eta, eginkizun horretan, desgaitasuna dutenek gainerakoen baldintza beretan kirol egin dezaten.

Eta, nola egiten dugu? Lagun egiten, prestatzen, sentikortzen eta ikertzen. Metodologia berritzaileak eta sortzaileak garatzen, pertsona guztiek parte har dezaten laguntzeko. Eta beti, ikuspegi inklusibo batetik.

  “GELA EGONKORRAK ETA IGERIKETA” programa

Hezkuntza-arloan, Kirolene (Eusko Jaurlaritzako Kirol Irakaskuntzen Ikastetxe Publikoa) bitartez, gorputz-hezkuntza inklusiboko programa bat garatzen dugu desgaitasuna duten ikasleentzat, Hezkuntza Sailak, hain zuzen, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, sustatuta eta Berritzegune Nagusiaren laguntzarekin. Eta “Gela egonkorrak eta igeriketa” programa ere garatzen dugu.

Izan ere, programa hori gela egonkorretako desgaitasuna duten ikasleen eskariei erantzuteko sortu da, jarduera fisikoko klaseetan gainerako ikaskideen baldintza beretan parte har dezaten.

Jarduera fisikoa egiteak askotariko onurak dakarzkie pertsona guztiei: fisikoak, psikologikoak eta sozialak. Eta desgaitasuna dutenei, gainera, egoneko bizitza eta osasun-arazoak saihesteko aukera, zeren eta mugitzen ez badira, obesitatea eta horrekin loturiko gaixotasun kronikoak agertuko dira seguruenik. Ikuspegi psikologikotik, jarduera fisikoak autoestimua eta norbere autonomia hobetzen ditu, eta funtsezkoa da inklusiorako.

Igeriketa da kirolik osoenetako bat, zeren eta igeri egitean muskulu-multzo guztiak mugitzen baitira. Ume eta nerabeengan ariketa hori aerobikoa da batez ere, eta aldizka egiten bada, aisiaz gozatu egiten da eta gaixotasunak izateko arrisku-faktoreak gutxitu egiten dira. Inguru urtarra da espazio fisikorik osoena eta sustagarriena gaitasun fisikoak, psikikoak eta neurologikoak garatzeko.

 Programa garapena eta  onurak

GaituzSport-ren gela egonkorrak eta igeriketa programa 2018ko ekainean hasi zen, eta 14 ikaslek parte hartu zuten Gorostiza polikiroldegiko igerilekuetan (Barakaldo) eta Miribillan (Bilbo).

2018ko irailean, berriz hasi zen programa, eta bertan, 28 ikasle gehiagok parte hartu zuten, 2019ko ekainera arte.

  • DesGAITASUN intelektuala duten  IES Cruces BHIIES Beurko BHI eta  IES Trueba BHI ikastoletako13 ikaslek   gela  egonkorrak eta igeriketa programan parte hartu zuten Gorostiza polikiroldegian.
  • Angeles Custodios eta IES Ignacio Ellacuria – Zurbaran BHI-ko ikastoletako adimen-desgaitasuna eta desgaitasun fisikoa duten 11 ikasle, Miribillako polikiroldegiko saioetara joaten ziren.
  • Bilboko Garcia Rivero Zentroko gela egonkorreko 4 ikaslek parte hartu zuten Miribillako kiroldegian. Adimen urritasuna eta garuneko paralisia duten ikasleak dira.

2019ko ekainetik 2020ko ekainera arte, hurrengoak parte hartzen ari dira gela egonkor eta uretako jardueretan:

  • Bilboko CEIP Gallego Gorria HLHI, CEIP Garcia Rivero HLHI, IES Ignacio Ellacuría-Zurbaran BHI, CEIP Luis Briñas HLHI, Ángeles Custodios Ikastetxea, Gabriel Aresti BHI, CEIP Artatse HLHI eta IES Artabe BHI Ikastetxeetako 36 ikasle Miribilla, Atxuri eta Errekaldeko polikiroldegietan parte hartzen dute desGAITASUN intelektuala eta/edo fisikoa eta TEA duten pertsonak.
  • Barakaldoko IES Gurutzeta BHI, IES Antonio Trueba BHI, Ibaibe Herri Ikastetxea e IES Beurko BHI ikastetxeetako 14 ikasle Gorostizako polikiroldegian parte hartzen dute desGAITASUN  intelektuala eta/edo fisikoa eta TEA duten pertsonak.

Igeriketak ikasle parte-hartzaileei onura hauek ekarri dizkie: osasuna hobetu izana, gizarteratu izana eta inguruarekiko harremana. Hain zuzen ere:

  • Sozializazioa eta komunikazioa: Beste pertsona batzuekiko eragin-trukea bultzatzea eta horien mundua sentsazio eta egoera berrien eskutik aberastea.
  • Norbere autonomia, gizartean eta aldagelan: Udal-kiroldegiraino oinez edo garraio publikoz joatea. Eraikin barruan, alderdi hauek lantzen dira, besteak beste: instalazioen erabilera egokia, orientazioa, aldagelak behar bezala erabiltzea, arropak jantzi eta eranztea edo dutxen erabilera.
  • Urarekin loturiko norbere autonomia: Ingurune berri batean norberaren segurtasuna edo norberaren ekintzak zenbat eta gehiago landu, ingurua orduan eta hobeto menperatuko da.
  • Gaitasun fisikoak sustatu eta garatzea (desgrabitazioari esker, muskuluak erlaxatzen dira, arnas mekanika koordinatzen da, bizi-gaitasuna handitzen da eta alterazio ortopedikoen bilakaera maneiatzen da, inguru urtarrak hobeto lerrokatzea baitakar).
  • Hezkuntza-arloan: Ingurune urtarrean oinarrizko gaitasun fisikoak ezagutu eta hobetzea, eta horrek gorputz-heziketari nabarmen lagunduko dio.
  • Jolas-arloan: Desgaitasuna duen pertsonak giro sozializatzailea behar du eta aisia oso garrantzitsua da bere garapen pertsonalean.

Gela egonkorrak eta igeriketa programa

  Metodologia eta helburuak

Proiektuak proposamen terapeutikoa eta hezkuntza-, jolas-, eta kirol-proposamena eskaintzen die gela egonkorretan dauden 12 eta 16 urte arteko gazteei. Programa hori egiten GaituzSport-eko arlo teknikoko 6 profesionalek parte hartu dute: programaren koordinatzaile bat; kirolean, desgaitasunean eta inklusioan espezializatutako hiru monitore eta  hiru laguntzaile.

Arlo teknikoko profesionalek helburuak pertsonalizatzen dizkiete programako parte-hartzaileei, hasierako balorazioan. Saioetan ariketak eta helburuak egokitzen dira, ikasleen behar eta baldintza nagusien arabera. Banan-banan esku hartzen da, helburuak modu eraginkorrenean lor daitezen. Horra hor helburu nagusiak:

1.- Uretako jardueren aldeko jarrera sustatzea, maila fisikoan nahiz psikikoan eta sozialean nahiz afektiboan osasunari on egiten diotelako.

2.- Arnas edukiera eta tonu muskularra hobetzea, ikaslea burujabeagoa izan dadin.

3.- Egoneko bizitzaren eta obesitatearen kontrako ohitura osasungarriak sortzea.

4.- Uretan jarrera-ariketak egitea, ur barruan nahiz kanpoan erabiltzaileen jarrera-higienea sustatzeko.

5.- Aisia eta norbere autonomia ahalbidetzea, pertsona uretan ez baitu tresnarik erabiltzen.

6.- Pertsonek norbere burua ezagutzea eta mugak bultzatzea eta ahalmenak esperimentatzea, norbere konfiantza handitzeko, pixkanaka hainbat oztopo, beldur eta larritasun baztertzeko.

7.- Gelatik kanpo taldearen gizarte-harremanak sustatzea.

8.- Balioak sustatzea: errespetua, adiskidetasuna, higienea edo ordena, besteak beste.

Gela egonkorrak eta igeriketa programa 2

Iritzi ona

“Gela Egonkorrak eta Igeriketa” programari buruzko iritzia edo azken balorazioa oso ona izan da, oso emaitza onak lortu dituelako. Ikasleek, gurasoek eta ikastetxeek pozik daudela adierazi dute, eta programak jarraituko du. GaituzSport-eko profesionalek, jarduera fisikoek –batez ere, igeriketa– desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea eta norbere autonomia hobetzen laguntzen dutela egiaztatu dute banakako balorazioetan.

GaituzSport-en dihardugunok, jarduera fisikoen gaineko programa hezigarri hori egiten jarraituko dugu, eta pertsona guztiek jarduera fisikoa eta kirola egiten lagunduko duten beste batzuk sustatuko ditugu, beti inklusioa xede izanda. Horixe baita gure izateko arrazoia, hots, sarean lan egitea eta Komunitatea sortzea, guztion artean gizarte inklusiboa, bidezkoagoa eta berdinzalea lor dezagun.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.