Es | Eu | En ...........

Igorrek kirol-eskaintza inklusiboa ugaritu du, GaituzSporten lankidetzaren eskutik

 

Igorreko Udalak, kirolaren bidezko inklusioaren erreferentziazko agente erraztaile GaituzSportekin elkarlanean, kirol inklusiboko udal-eskaintza ugaritu du, areto-jarduera berriak antolatu baititu. Hala, kirolaren bidezko inklusioarekin duen konpromisoa indartu egin du.

Programa horrek, 2023-2024an abiarazi zenetik, desGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonei uretako jarduerak egiteko aukera eman die, eta egun udalerriko 12 pertsonak parte hartzen dute jarduera horietan.

Orain, beste urrats bat eman du eta areto-barneko jarduera berriak eskaintzen ditu, hala nola mantentze-gimnasia, jarrera-zuzenketa eta kirol anitzeko jarduerak, pertsona gehiagok balia dezaten ingurune irisgarri eta seguru batean kirola egitea. Aurrerapen horrek eskari gorakorrari erantzun dio, eta Udalak kirola egiteko aukera-berdintasunarekin duen konpromisoa indartu egin du.

 PROGRAMA INKLUSIBOAK ZER ESKAINTZEN DUEN

  • INFORMAZIO, ORIENTABIDE ETA LAGUNTZA ZERBITZUA

GaituzSporteko profesionalak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan gradudunak dira eta osasunean eta desGAITASUNEAN daude espezializatauta. Haiek arduratzen dira pertsonei informazioa eta orientabidea emateaz nork bere beharretara egokitutako jarduerak aurki ditzan.

Hasierako balorazio funtzionala egiten da, pertsona bakoitzaren beharrak eta gaitasunak ezagutzeko. Balorazio horrek bermatzen du pertsona guztiek aurkituko dutela gehien motibatzen eta mesede egiten dien gorputz- eta kirol-jarduera, segurtasunez eta kalitatez.

  • KIROL ESKAINTZA EGOKITUA

DesGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonentzat diseinatu da, guztiek kirol-jardueretan baldintza berdinetan parte hartu eta gozatu ahal izango dutela bermatuta.

  • URA: hasierako maila eta tartekoa.
  • ARETOA: mantentze-gimnasia, jarrera zuzentzea, kirol anitzeko jarduera.
  • LAGUNTZA ETA AKONPAINAMENDUA ALDAGELAN

Erabiltzaileak kirol-jarduera egiten errazteko oso garrantzitsua eta beharrezkoa den baliabide hori behar duen ebaluatzen da.

  • AKONPAINAMENDUA ETA AHOLKULARITZA TALDE NORMALIZATUAN

DesGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonei zuzeneko laguntza emateko zerbitzua, saio-kopuru espezifiko batean.

KIROL-ESPAZIO IRISGARRIAK ETA EKIPAMENDU EGOKITUAK desGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonek kirol-jardueretan baldintza berdinetan parte har dezaten.

KIPREST APLIKAZIOA

Laguntzarako baliabide teknologiko bat erabiltzen da, GaituzSporten Kiprest plataforma: app mugikor bat da, parte-hartzaileek, familiek eta jarduerak koordinatu eta ematen dituzten profesionalek informazioa eta komunikazioa errazago eskura ditzaten.

Programa hori abiarazi izana Igorreko Udalaren eta GaituzSporten baterako lanaren emaitza izan da. Lan horretan, Udaleko kirol eskaintzaren azterketa eta diagnostiko sakona egin da.

Prozesu horretatik abiatuta, hobetzeko hainbat arlo identifikatu dira, eta herriko kirol-eskaintza aberasteko funtsezko gomendioak ezarri.

Gehiago jakiteko:

Igorreko kiroldegia

GaituzSport. Telefonoa: 622022063

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.