Es | Eu | En

Inklusioa, “Gipuzkoako Surf Txapelketako “protagonista”

Gipuzkoako Surf Txapelketak

Gipuzkoako Surf Txapelketak, uztailaren 6tik 8ra bitartean Donostiako Zurriola hondartzan izango denak, berri onak dakartza. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatu ohi du Txapelketa, eta aurten inklusioa eta kultura izango dira protagonistak, I. Donostia  FederArte Fest-en eskutik. Gipuzkoako Surf Federazioko buru Maialen Saezen hitzetan, “Gipuzkoako surfa berriro jaio da txapelketaren eskutik, eta  kirol horren balioak nabarmendu nahi ditugu: berdintasuna, elkartasuna eta ingurumena zaintzea. Eta, era berean, inklusioa lortzeko beste urrats bat da”.

Hori dela eta, GaituzSport-en dihardugunok Gipuzkoako Surf Federazioarekin eta Axi Muniain  surflari bikainarekin ari gara elkarlanean, uztailaren 7a surf inklusiboko eguna izan dadin. Hori antolatzeko, Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioaren laguntza ere izango dugu.

Ekitaldia joan den ostiralean aurkeztu zen, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. GaituzSport-eko koordinatzaile nagusi Xabier Leizea bertan egon zen, eta ekimena eskertu ondoren, hauxe adierazi zuen: “pertsona guztiek, desgaitasuna dutenek ala ez dutenek, uztailaren 7ko surf egunean aukera berdinetan parte har dezaten ari gara Txapelketa antolatzen laguntzen”.

Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren gizarte-berrikuntzako proiektua da GaituzSport, hots, herritarren artean jarduera fisikoa eta kirola ikuspegi inklusibo batetik sustatzeko helburuarekin komunitatea sortu eta sarean lan egiten duen plataforma. Horiek horrela, Xabier Leizeak azaldu zuenez, “surfean eta kirolean eta desgaitasunean espezializatutako monitoreak koordinatzen ari gara, surf inklusiboaz egingo den lehenengo esperientzia honetan, eta, seguruenik, gehiago etorriko dira”.

Gipuzkoako Surf Txapelketako

Axi Muniainek “surfean inklusiboa egon beharra” nabarmendu zuen, eta emango diren surf-ikastaroak azaldu zituen. 48 pertsonak parte hartuko dute: horien erdia, desgaitasuna dutenak izango dira –GaituzSport-en eskutik– eta beste erdia, gizarte-bazterkeria jasaten duten 12 pertsonak -Bizi Poza-ren laguntzarekin- eta Groseko Indarra taldeko 12 surflari.

Txapelketa eta kultur jarduerak, giro bikainean

150 surflarik parte hartuko dute Txapelketan, hainbat modalitatetan: surf, longboard-a, SUPa eta bodyboard-a. Euskal Federazioak ez ezik, Galizia, Asturias, Kantabria eta Andaluziako Federazioek ere parte hartuko dute. Izan ere, gonbidatu gisa etorriko dira, surfaz, esperientzia-trukeaz eta kultur jarduerez beteriko hiru egunez gozatzeko.

Euskadiko Surf Federazioaren ekimena den eta kirola eta kultura elkartzen dituen I Donostia FederArte Fest-en kultur jarduera hauek egongo dira, besteak beste:

–       Skate masterclass-a.

–       Moda-desfileak, FederArte Market.

–       DJ-ak, kontzertuak.

–       Bigarren eskuko surf-materialaren azoka.

Gipuzkoako Surf Txapelketak

Eskerrak eman nahi dizkiegu Gipuzkoako Surf Federazioari, Federazioko buru Maialen Saezi eta Axi Muniain surflariari, horren ekitaldi bikaina antolatzeagatik eta, sentsibilizazio handiz, Gipuzkoako surfaren jai nagusia pertsona guztien elkargune eta kirol inklusiborako ekitaldi bilakatu izanagatik.

Elkarrekin aurrera egiten dugu!!

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.