Es | Eu | En

Kosta Trailek 12.700 euro eman dizkio GaituzSport Fundazioari kirol inklusiboa bultzatzeko

 

 

  • Hamaseigarren Kosta Traileko izen-emateei esker bildu da dirua. Kirol-proba Uribe Kostako itsaslabarretan barrena egin zen, ekainean, helburu solidarioekin.
  • GaituzSport Fundazioak desGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituztenen artean jarduera fisikoa eta kirola modu inklusiboan sustatzeko erabiliko du bildutako diru-kopurua.

 

Elkartasuna da Kosta Trailen bereizgarri nagusia. Izan ere, ekainean, hamaseigarren kirol-proba egin zen, eta, izen-emateei esker, 12.700 euro bildu ziren.  Kosta Trailen babesleek –Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa– GaituzSport Fundazioari eman diote diru-kopuru hori, eta horrekin, Fundazioak osasun-programa inklusiboak egingo ditu, jarduera fisikoaren bidez, desGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonek jarduera fisikoa eta kirola gainerakoen baldintza beretan egin ditzaten, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko eta inklusio soziala  bultzatzeko.

Bildutako diru-kopurua emateko ekitaldia Moyuako Forum Sport dendan izan da. Xabier Leizeak eta Marta Fernándezek –GaituzSporteko koordinatzaile nagusia eta komunikazio-arduraduna hurrenez hurren– hartu dute txekea, Forum Sporteko Komunikazio eta Publizitate zuzendari Jesus Beamonteren,  Laboral Kutxako babesletzen lurralde-nagusi Jose Ramón Tarancoren eta Eroskiko jasangarritasun-arduradun Cristina Rodriguezen eskutik.

Gozamena da GaituzSport Fundazioari donazio hau ematea, inklusio eta aniztasunaren adibide direlako; izan ere, balio horiekin bat gatoz. Gainera, harrotzen gaitu probaren donazioen nondik norakoak aztertzeak, zeren eta, Kosta Trail 2006an hasi zenetik gaur arte, 170.000 euro baino gehiago eman baitie hainbat erakunde eta talderi,  edizio bakoitzean parte hartzen duten guztiei esker”, azpimarratu du Beamontek.

Leizeak, bestetik, hau adierazi du: “GaituzSportentzat donazio  hau bultzada handia da kirola inklusio modutzat hartzen jarraitzeko, gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa baitakarkie pertsona guztiei”.

Halaber, ekitaldi berean probako parte-hartzaileak aintzat hartu dira, berriro ere erakutsi dutelako kirol inklusiboarekiko eta inguruarekiko konpromiso geldiezina. GaituzSporten bildutakook gure esker on zintzoena eman nahi diegu Kosta Trailen antolatzaileei, batez ere, Forum Sporteko Jesús Beamonteri eta Izaskun Casasi, babesleei eta laguntzaileei, eta parte-hartzaileen  marea solidarioari . Eta, esker mila,  boluntarioei: horien lanik gabe ezinezkoa izango litzateke Kosta Trail egitea. 

 

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.