Es | Eu | En

OMENALDI HUNKIGARRIA RICHARD ORIBE KIROLARI BIKAINARI

 

Richard Oribe saria jasotzen

 

  • “Gau Paralinpikoan” omenaldi hunkigarria egin zitzaion Richard Oribe kirolariari
  • Arrakastaz beteriko karrera ugaria izan ondoren: 16 domina paralinpiko, urrezko 8 domina, zilarrezko 6 domina eta brontzezko 2 domina irabazi eta gero, agur esan zion lehiaketari
  • “Imajina daitekeen maisurik hoberena eskuratu du kirolak”

Kirol Egokituaren Euskal Federazioak, GaituzSport proiektuaren barruan antolatzen duen “Gau Paralinpikoan”, merezitako omenaldia egin zitzaion Richard Oriberi, mundu guztian aintzat hartzen den euskal kirolari paralinpiko onenetariko bati.

Ekitaldia maiatzaren 26an izan zen, Donostiako Tabakalera eraikinean. Hauxe izan zen unerik hunkigarriena: Oscar Terol eta Reyes Prados ekitaldiko aurkezleek Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidentea agertokira gonbidatu zituzten, Richard Oribe kirolari eta pertsona bikainari omenaldia egiteko.

Arrakastaz beteriko karrera ugaria izan ondoren, agur esan zion lehiaketari. 16 domina paralinpiko, urrezko 8 domina, zilarrezko 6 domina eta brontzezko 2 domina irabazi zituen munduko kirolari onenari garuneko paralisia duten igerilarien kategorian.

Garaipen-zerrenda ikaragarria du: 22 domina, munduko txapelketetan eta 28, Europako txapelketetan; halaber, 48 aldiz munduko errekorra lortu du hainbat espezialitatetan.

Kirolari harrigarria, apaltasuna, sinpatia eta lan etengabea bizitzaren goiburu izan dituena. Jardunbidean zehar, Javier de Aymerich entrenatzaile, lagun eta adiskide izan du beti ondoan.

Aretoko ikusle guztiak zutik jarri ziren eta kirolaria txalotu zuten, mirespen eta maitasunez, eta Richard Oribek poztasun-malkoetan blai jaso zuen saria, margolan bat, hoberen bereizten duten hitzak zituena: Ahalegina, Mito, Nekea, Oztopoa, Inplikazioa, Hobetzea, Kirola, Egokitua, Eredugarria, Irmotasuna, Borrokalaria eta Txapelduna.

Ikusleen artean, guraso harroak eta senideak egon ziren. Richardek aintzatespena eskertu zuen, baina txaloek bere hitzak isilarazi zituzten. Azkenik, Javierrek eskerrak eman zituen bion izenean, eta Richardek kirolari gazteei bere esperientziarekin laguntzeko asmoa duela jakinarazi zuen.

Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidente Porfirio Hernandezen hitzetan, “lehiaketak kirolari onenetako bat galdu du, baina imajina daitekeen maisurik hoberena eskuratu du gure kirolak. Richard, zeu zara gure kirolari guztiek jarraitu beharreko eredua”.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.