Es | Eu | En

“Gau Paralinpikoak” euskal kirolari paralinpikoen lana aintzat hartu zuen eta horiei laguntza instituzional eta sozial handia eta garrantzitsua eman zien.

 

Kirol Egokituaren Euskal Federazioak, GaituzSport proiektuaren barruan, antolatu zuen “Gau Paralinpikoaren” protagonistak, kirolariak, “Euskal Paralinpikoak” izan ziren, agertutako ahalegin, profesionaltasun eta hobetzeko grinagatik.

2016ko maiatzaren 26ko gauean, Donostiako Tabakalerako eraikinean, erakundeen eta gizartearen aintzatespena izan zuten, guztion mirespena adierazteko, Óscar Terolek eta Reyes Pradosek aurkeztutako ekitaldian.

Alex Priorek jaso zuen lehenengo aintzatespena: 2014an munduko txapelduna izan zen sub23 kategorian, gurpil-aulkien gaineko eskriman –Varsovian–, eta munduko sailkapenean lehenengo hamarren artean dago, 2015ean Pariseko Munduko Txapelketan nahiz aurtengo Europako Txapelketan. Kutxa Banku Fundazioko zuzendari nagusi Carlos Ruizek eman zion saria.

Eneko Goia Donostiako alkateak eman zituen gainerako aintzatespenak: Igor Otaeguiri, aldi berean eskrimako entrenatzailea eta arbitroa denari eta eskriman nazioarteko txapelketetan parte hartu duenari eta Fernando Mitxelenari, Kirol Egokituaren KEMEN klub historikoko Estatuko txapeldun ukaezinari.

Halaber, Donostiako alkateak Txema Avendañori ere eman zion aintzatespena: Txemak gurpil-aulkiaren gainean jokatzen du saskibaloian 11 urte zituenetik, eta gaur egun, Bilboko Bidaideak taldean jokatzen du, zeinarekin Ligako Four Finaleko hirugarren bukatu duen.

Eta gurpil-aulkiaren gaineko saskibaloian arbitrorik onenetako bat denaren txanda iritsi zen: Juan Manuel Uruñuela gasteiztarra, bost Olinpiar Jokoetan –azken hiru finalak– eta Rio de Janeiroko Jokoetan ere arbitro izan dena.

Hurrengo aintzatespena, Amador Granados txirrindulari beteranoarentzat izan zen: 2014an Abiadura Olinpikoan munduko txapelduna izan zen eta, 2016an, Munduko Txapelketan, hirugarrena.

Eta txirrindularitzatik, mahai-tenisera, munduko espezialista onenetako bat aintzat hartzeko: Iker Sastre, Estatuko txapeldun ukaezina, 2015ean Danimarkan antolatutako Europako Txapelketan brontzezko domina lortu zuena.

Hurrengo golardoa Aitor Puertas kirolariarentzat izan zen: orain dela urte askotik, snowboard pistetako izotzean entrenatzen eta lehiatzen ematen du astia. Socchiko Joko Paralinpikoetan parte hartu zuen. Aitorrek aintzatespena eskertu zuen, baita ekitaldia bera ere, kirolari paralinpikoak ikusgarriago egin zuelako.

Eta izotz-pistetatik atletismo-pistetara: Asier Aguirre bizkaitarrak, Kross eta 5.000 metroko Estatuko azken Txapelketetako txapeldunak, jaso zuen hurrengo golardoa. Munduko maratoi-erdiko txapeldunordea eta laugarrena, 3.000 metroko Munduko Txapelketan.

Eta Bizkaitik ere, Iñaki Mentxaka: Bocciako jokalaria, 8 urte zituenetik, Fekoor-ekin, eta Estatuko Selekzioarekin nazioarteko hainbat txapelketatan parte hartu du. Iñaki “jokoaren taktikan izugarri ona” dela adierazi zuten aintzatespenean.

Asier García kirolariak jaso zuen hurrengo golardoa: gurpil-aulki gaineko euskal saskibaloiko mitoa. Bidaideak taldeko jokalaria da, eta 2016. urtea oso arrakastatsua izan da, berarentzat nahiz David Mouriz taldekide eta lagunarentzat. Biak arrakastak eta adiskidetasuna partekatzen dituzte Bidaideak taldean eta selekzioan.

Eta gizonezko kirolariei hainbeste golardo eman ondoren, emakumezko kirolarien hutsunea sumatu zen: ekitaldiaren egunean, Ainara Badiola, Aralar Pérez, Carmen Rubio eta Rakel Mateo lehiaketaren batean parte hartzen ari ziren, eta ez zuten bertaratzerik izan. Rakel triatloiko atleta bizkaitarrak, bideo bat bidali zuen Federazioari “Gau Paralinpikoa” antolatu izana eskertzeko, haren hitzetan, ekitaldia beharrezkoa baita “laguntza gehiago behar dugulako”, eta Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan egotea azpimarratu zuen. Era berean, hauxe adierazi zuen: “kirola gizarteratzeko modua da eta, inoren eredu izateko asmorik gabe, guk beste pertsona batzuei lagundu ahal diegu aurrera ateratzen”. Txema Alonso Bidaideak taldeko kudeatzaileak hartu zuen golardoa Rakelen izenean.

Eskerrik asko, gure kirolariei, beren lanagatik eta eredu izateagatik, kirola nork bere burua hobetzeko eta pertsonak gizarteratzeko modu bikaina dela erakutsi dutelako.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.