Es | Eu | En

Urkullu Lehendakaria, GaituzSport Sariak banatzeko ekitaldian, Bilbon

 GaituzSport Sariak

  • Javi Conde atleta; Jon Santacana eskiatzaile paralinpikoa; Athletic Club de Bilbao-ko jokalari Eunate Arraiza; Berritzeguneak edo hezkuntzaren laguntza-zerbitzuak; Hegalak Kirol Zentroa eta “Mosaico de Sonidos” proiektua, Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearena, izan ziren “Gau Inklusiboko” sarituak.

  • GaituzSport Sariak gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa lortzeko guztion apustuaren ikur direla esan zuen Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak.

  • GaituzSport-eko presidenteak hauxe eskatu zuen: “guztion laguntza eta erakunde publikoen konpromisoa, beharrezko gizarte-aldaketa elkarrekin lor dezagun”.

  • Euskal gizartea kirolaren eta inklusioaren alde agertu zen Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako “Gau Inklusiboan”. Ekitaldi horretan erakundeen laguntza itzela nabarmendu zen.

III. “Gau Inklusiboa” maiatzaren 3an izan zen, Bilboko Euskalduna Jauregian. Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren GaituzSport Proiektuak antolatu zuen ekitaldia, erakunde hauen laguntzarekin: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Laboral Kutxa.

Lehendakaria buru izan genuen ekitaldian, GaituzSport Sariak banatu ziren, pertsonek eta erakundeek, Jarduera Fisiko eta Kirolaren bidez, gizarte inklusiboagoa, bidezkoagoa eta berdinzaleagoa egiten duten lana aintzat hartzeko asmoz.

Aurtengo “Gau Inklusiboa” inklusiboena izan dela esan dezakegu, sarituen merezimenduengatik eta erakunde publikoek, gizarteak eta hedabideek eman dioten laguntza itzelagatik. Halaber, aurten, lehen aldiz, zuzenean ikusteko aukera izan da, streaming bidez, baita sare sozialetan #gauinklusiboa hashatgarekin partekatzekoa ere.

Iñigo Urkullu Renteria  Lehendakari eta bere emazte Lucía Arieta-Araunabeña garaiz iritsi ziren ekitaldira. Eredugarriak dira, zeren eta berriro ere erakutsi baitzuten sentiberak eta hurbilak direla eta laguntzeko konpromisoa dutela. Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidente Porfirio Hernández Zubizarreta eta GaituzSport-eko koordinatzaile Xabier Leizea arduratu ziren Lehendakariari eta bere emazteari harrera egiteaz.

GaituzSport Sariak

Photocall-ean lehenengo argazki ofiziala egin ostean, agintariak eseri ziren eta ekitaldia hasi zen.

Gurutze Beitia eta Asier Hormaza antzezleek umore-sen handiz izan ziren zeremonia-maisuak eta egin zieten ongietorria bertaratutakoei. Gau Inklusiboa hasteko, musika bidezko inklusio adibide bat erakutsi zen, Emilio Aragónek “Mosaico de Sonidos” Proiektuarentzat konposatu zuen “La Flor más grande del mundo” kantaren eskutik.

Mosaico de Sonidos. GaituzSport Sariak

Sentsibilitatez beteriko emanaldia izan zen, musikari hauen eskutik: Koro Alonso piano-jotzailea, Mikel Martija dantzaria eta Milagros Durana errezitatzailea, hirurok adimen-desgaitasundunak, eta Cristina Vertiz BOSeko biolin-jotzaile bikaina.

Ondoren, gaueko anfitrioi Porfirio Hernández Zubizarretak, GaituzSport-eko eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioko presidenteak, eskerrak eman ondoren, kirola gizarteratzeko modu bikaina dela adierazi zuen bere hitzaldian. “GaituzSport-en dihardugunok, pertsona guztiok, baita desgaitasunen bat dutenek ere, eskubide osoko herritar gisa eguneroko jardueretan parte har dezaten lan egiten dugu”.

Profirio Hernández Zubizarreta GaituzSport Sariak

Asier Hormazak testigantzen bideo bat aurkeztu zuen, eta argi geratu zen GaituzSport-ek zertarako eta norentzat lan egiten duen.

GaituzSport Sarien banaketa

Gaueko une gorena GaituzSport sariak banatzeko ekitaldia izan zen. Sarien bidez, lana, hobetzeko grina eta kirolaren balioak aintzat hartu ziren.

 

Goi-lehiaketazko kirol egokituari ematen zaion GaituzSport Saria, eski egokituan domina paralinpikoa duen JON SANTACANArentzat izan zen.

Jon Santcana, GaituzSport Sariak

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eman zion saria Jon Santacanari. Eskiatzaileak, saria eskertzean, “guztiok kirolariak “soilik” garenean iritsiko da benetako berdintasuna” aldarrikatu zuen.

HEGALAK KIROL ZENTROAri lehiatzen ez duen kirolaren arloko jardunbide egoki inklusiboei ematen zaien GaituzSport Saria egokitu zitzaion.

Hegalak GaituzSport Sariak

Beatriz Artolazabal zinegotziak eman zion saria Hegalak Kirol Zentroko kudeatzaile Jaione Izagirreri.

BERRITZEGUNEAK-HEZKUNTZAREN LAGUNTZA ZERBITZUEK, Jarduera fisikoaren bidez inklusioaren balioak sustatzen dituen erakundeari ematen zaion GaituzSport Saria jaso zuten. 

Berritzeguneak, GaituzSport Sariak

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak jaso zuen saria, Laboral Kutxako Merkataritza Arloko zuzendari Carlos Osesen eskutik.

EUNATE ARRAIZA Athletic Club de Bilbao-ko jokalariak, txikitatik gorra denak, lehiaketako kiroleko inklusioaren gaineko jardunbide egokiei ematen zaien GaituzSport saria jaso zuen.

Eunate Arraiza GaituzSport Sariak

Bilboko Udaleko Kirol eta Gazteria Saileko zinegotzi Oihane Agirregoitiak eman zion saria futbolariari. Eunatek saria eskertu zuen eta, ondoren, “borrokatzen jarraitu behar dugu” mezua azpimarratu zuen.

Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkartearen (AEOS) “MOSAICO DE SONIDOS” PROIEKTUAk Kirol-arlotik kanpoko jardunbide egoki inklusiboei ematen zaien GaituzSport Saria jaso zuen.

Mosaico de Sonidos, GaituzSport Sariak

Bingen Zupiria Kultura sailburuak BOSeko zuzendari nagusi Ibon Aranbarriri, OSEko zuzendari nagusi Oriol Rochi eta Proiektu horren koordinatzaile Mikel Cañadari eman zien saria.

 GaituzSport Sari berezia kirolean eta jarduera fisikoan izandako ibilbideari JAVI CONDE atleta bilbotarrarentzat izan zen, arrakastaz beteriko kirol-karrera eta bere bihozberatasuna aintzat hartzeko.

Javi Conde, GaituzSport Sariak

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduik eman zion Saria Conderi, eta horrek “euskal kirol egokitua igarotzen ari den garai onak, desgaitasundunak agerian jartzeko balio izan dezala” azpimarratu zuen.

Lehendakariaren mintzaldia: “Kirol-jarduera pertsona guztientzat sustatzea”

Ekitaldiari amaiera emateko Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak eman zuen mintzaldian, GaituzSport Sariak gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa lortzeko guztion apustuaren ikur direla nabarmendu zuen.

Eta GaituzSport proiektuari ematen dion laguntza agerian jarri zuen, hitz hauen bidez: “zuon helburuarekin bat egiten dugu, hots, pertsona guztientzat kirol-jarduera sustatzea eta kirolaren eta jarduera fisikoaren balio soziala bultzatzearekin”.

Lehendakari, GaituzSport Sariak

Gizarte inklusibo baten alde

Gizarteko eremu guztietako 250 pertsona elkartuko ziren ekitaldian. Izan ere, erakundeetako ordezkari ugari bertaratu ziren, hala nola, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria,  Bizkaiko Batzar Nagusietako buru Ana Otadui, eta Eusko Jaurlaritzako sailburu hauek: Beatriz Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailekoa; Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailekoa, Cristina Uriarte, Hezkuntza Sailekoa, eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Emilio Solarekin, eta Kirol zuzendari Jon Redondo. Baita Bilboko Udaleko zinegotzi hauek ere: Oihane Agirregoitia, Gazteria eta Kirol Sailekoa, Oihane Agirregoitia;  Yolanda Diez, Osasun Sailekoa; Beatriz Marcos, Luis Eguiluz, Amaia Arenal, Carmen Carrón, Bruno Zubizarreta eta Francisco Samir Lahdon del Arco.

GaituzSport Sariak

Halaber, hauek ere bertaratu ziren: Amaia del Campo, Barakaldoko alkatea; Mikel Torres, Portugaleteko alkatea, eta Josu Bergara, Sestaoko alkatea; Ana María de Castro Rubalcaba, Euskara zuzendaria eta Andoni Iturbe, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Aitziber San Román, Donostiako Gizarte Ekintzako zinegotzia;  Mikel Antizar, Barakaldoko Gizarte Ekintzako zinegotzia; José Ramón Taranco, Laboral Kutxako Babesletza eta Gizarte Ekintza burua; Raquel González, Bizkaiko PPko presidentea eta Rebeka Ubera, Josune Gorospe, Nerea Llanos eta Luis Uria legebiltzarkideak.

Gizarteko arlo guztietako pertsona gailenak bertaratu ziren gau inklusiboenera, hala nola, Kepa Junkera musikaria; Alfredo Antigüedad doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua; José Antonio Nielfa, La Otxoa, artista; Yolanda Aberasturi ile-apaintzaile eta estilista; Axi Muniain surflaria; Jon Salvador atleta; Athletic Club de Bilbao-ko zuzendari Yolanda Lázaro eta Athletic Fundazioko zuzendari Ricardo Mendiguren; Isidro Elezgarai, Unicef Euskadiko presidentea; Natxo Lekunberri, Mutualia-ko zuzendari kudeatzailea; Hugo Baroja, FEVAS Plena Inclusión Euskadiko presidentea, Lucia Soriarekin. Era berean, Nekane Lauzirika kazetaria eta Esmeralda Herlo eta Josi Sierra blogariak ere izan ziren, eta gure helburu bera duten lagun asko, hots, pertsona guztiok aukera berberak izango ditugun gizartea inklusiboa lortu nahi dutenak.

GaituzSport Sariak

Eta horiei guztiei argazkia egin ondoren, aurkezleek, ekitaldiari amaiera emateko, Jaime Vilallonga DJren musikarekin girotutako koktelaz gozatzera animatu zituzten bertaratutakoak.

ESKERRIK ASKO, “Gau Inklusiboa” –kirola, inklusioa, aniztasuna, osasuna eta hezkuntza elkartzen dituen ekitaldia– posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.