Es | Eu | En

2023 Kosta Trail arrakastatsua: 4.000 parte-hartzaile inguru inklusioaren alde

 

  •    Ion Sola (01:28:30) eta Sara Gutiérrez (01:48:17): hamazazpigarren herri-lasterketa solidarioaren irabazleak.
  • Kosta Trail lasterketak kirola sustatzen du, inklusioa bultzatzen du eta probaren ibilbidearen ingurumena zaintzen du.
  • GaituzSport Fundazioak izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat jasoko du, eta jarduera fisiko eta kirolari buruzko jarduera inklusiboak sustatzeko programetan erabiliko du, desGAITASUNA duten pertsonek gainerakoen baldintza berdinetan egin dezaten kirola. 

Ekainaren 18an –igandea–, goizeko 9:00etan, hamazazpigarren Kosta Trail abian jarri zen Sopelan (Bizkaia). Marea solidarioaren 4.000 pertsonak parte hartu zuten, trail running-a, zeharkaldiak eta ibilaldiak gogoko dituztenek gogoz espero izandako proban.

Udaletxearen plazatik, Sopelako alkate berri Guruzne Carrassonek zinta moztu zuen, probaren “irteteko pistola-tiro” gisa. Lainotuta zegoen eguna, baina tenperatura atsegina zen eta ez zegoen euri arrastorik. Lehenbizi, mendi maratoi-erdiko (21 km) parte-hartzaileak irten ziren. Proba hori Uribe Kostako itsaslabar eta hondartza ikusgarrietatik igarotzen da, lur, asfalto eta haretik, eta 1.200 metroko desnibel metatua du. Lasterketa oso azkarra eta esplosiboa da, korrikalariek dena ematen baitute 21 kilometro horietan.

Aurtengo irabazleak hauek izan ziren: Ion Sola nafarra (01:28:30) eta Sara Gutiérrez gasteiztarra (01:48:17); gizonezkoen artean, José Irurozki (01:28:50) eta Jon Pascual (1:31:39), azken hori, iazko irabazlea.

Emakumezkoen kategoriako bigarrena Amagoia Legarra izan zen (01:51:28). Amagoia Salazar hirugarren postuan geratu zen (1:52:19).

Goizeko 9:15ean mendi lasterketako (20 km) korrikalariak irten ziren, mailaka, eta, azkenik, 9:30ean, umeak, senideekin, ibilaldi familiarra (7 km) egiteko.

Ibilaldiotan, 3.400 pertsona baino gehiago bildu ziren, eta jai giroaz gozatu zuten guztiek, kirolak eta kausa on bati laguntzeko gogoak bultzatuta. Azken finean, Kosta Trail probak hiru modalitate ditu, eta horien ibilbideak eta eskakizun-mailak bestelakoak dira, era guztietako parte-hartzaileek parte har dezaten.

 

Elkartasuna eta jasangarritasuna

Hamazazpigarren Kosta Trail  lasterketak kirola ez ezik, izaera solidarioa eta ingurumen-konpromisoa ere izan ditu bereizgarri. Lasterkariei esker, antolatzaileek izen-emateen bidez bildutako diruaren zati bat, GaituzSportek antolatzen dituen jarduera fisiko eta kirolari buruzko jarduera inklusiboak sustatzeko programetan erabiliko da, desGAITASUNA duten pertsonek gainerakoen baldintza berdinetan egin dezaten kirola eta horien bizi-kalitatea hobea izan dadin. “Eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotzez, Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa antolatzaileei eta parte-hartzaileen marea solidarioari, kirolez eta elkartasunez beteriko egun eredugarri horrengatik. Eskerrik asko, Kosta Traili, kirolaren bitartez inklusioa sustatzen lagundu izanagatik”, adierazi du Gaituzsporteko patrono Porfirio Hernández Zubizarretak.

 

Halaber, aurten, Kosta Trail inoiz baino jasangarriagoa izan da, plastikoen erabilera murriztu delako, ingurunean ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko eta probaren aztarna ekologikoa murrizteko. Izan ere, antolatzaileek korrikalariak eta ibiltariak sentikortu eta kausan sartu nahi izan dituzte, eta horretarako, hainbat ekintza burutu dira.

Beste behin, Kosta Trailek bere helburuak bete ditu: kirol-jarduera sustatzea, inklusioa eta elkartasuna bultzatzea, eta probaren ibilbidearen ingurunea zaintzea, paraje berezi horietan ingurumen-inpaktua murrizteko.

Eskerrik asko, Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxari; eskerrik asko, lasterketari eta ibiltari guztioi, hain giro atsegina sortzeagatik, eta eskerrik asko, boluntario guztioi, lan itzela egiteagatik Kosta Trail arrakastatsua izan dadin.

Eta esker on berezia, Forum Sporteko Jesús Beamonteri eta Izaskun Casasi, Kosta Trailen xehetasun oro sortu, bultzatu eta zaindu izanagatik.

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.