-
Barakaldoko garapen inklusiboaren gaineko plan pilotua aurkeztu du Gizarte Ekintzako zinegotzi Mikel Antizarek, GaituzSport Fundazioko presidente Porfirio Hernándezerekin batera.
-
GaituzSportek taxututako egitasmo horren helburua da jarduera fisikoa sustatu eta erraztea Barakaldon desgaitasuna dutenen artean, gainerako herritarren baldintza beretan egin dezatela.
-
Lasesarre eta Gorostiza kiroldegietan eta Gurutzetako eta Clara Campoamor auzo-etxeetan burutuko da programa.
Kirolaren bidez inklusioa lortzeko programa pilotua abiarazi du Barakaldoko udala. Udalerrian kirola egiteko lehenengo Plan Inklusiboa aurkeztu du Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Mikel Antizarek, GaituzSport Fundazioko presidente Porfirio Hernández Zubizarretarekin batera. Plan hori, Lasesarre eta Gorostiza kiroldegietan eta Gurutzetako eta Clara Campoamor auzo-etxeetan burutuko da. “Gure helburua da pertsona guztiek, desgaitasunen bat eduki ala ez, udal-instalazioetan kirola egin dezatela, eta egitasmo horren eskutik kirol-eskaintza moldatuko dugu, horretarako behar izaten diren baliabide osagarriak antolatuko ditugu eta gure monitoreak prestatuko ditugu”, adierazi du Antizarek.
GaituzSportek taxuturikoa
Barakaldon kirolaren bidez garapen inklusiboa lortzeko 2019 – 2020 Plan Pilotu horren lehentasuna da desgaitasunen bat dutenei jarduera fisikoa eta kirola egiteko eskubidea bermatzea, gainerako herritarren baldintza beretan, mugarik gabe eta oztoporik gabe egin dezaten, horien bizi-kalitatea hobea izan dadin.
GaituzSport Fundazioak taxutu du plana, kirol, inklusio eta desgaitasun arloetan errefente den erakundeak, alegia. “Gurea bezalako gizarte aurreratu batek gizatalde guztien inklusioa eta osasuna bermatu behar ditu, gizarte-bazterkeriarik gerta ez dadin. Gizarteratzeko modu itzela da kirola”, adierazi du Hernándezek. “Jarduera fisikoa eta kirola egitea tresna bikaina da osasuna sustatzeko, aisia modu sortzailean erabiltzeko eta harremanak izateko, eta inklusioaren ardatz edo antolatzaile gisa jokatzen du, gizarte-mailan nahiz hezkuntza-mailan”, jarraitu du azaltzen.
Aholkua, laguntza eta prestakuntza
Plan horri esker, Barakaldok oinarrizko hiru euskarri izango ditu kirol inklusiboa lortzerakoan: aholkua, laguntza eta prestakuntza.
Hortaz, inklusioaren arretarako bulegoa jarriko da Lasesarre kiroldegian, jarduera fisikoa egin nahi dutenak artatu, baloratu eta bideratzeko. Zerbitzu hori Jarduera Fisiko eta Osasun arloan trebatuta daudenek emango dute. Halaber, inklusioaren laguntzarako monitoreak ere izango dira, ohiko kirol-eskaintzei laguntzeko baliabide gisa, dibertsitate funtzionaleko pertsonen parte-hartze inkusiboa errazteko. Era berean, kirol-jardueretako monitoreei prestakuntza emango zaie, ikastaroetan desgaitasuna duen pertsonaren bat badago nola jokatu jakin dezaten.
“Esaterako, desgaitasuna duten pertsona batzuk ez dira animatzen udal-instalazioetan kirola egitera, aldageletan ez direlako beren kabuz moldatzen. Plan Inklusibo horri esker, aldageletan laguntzeko pertsona bat egongo da”, azaldu du Antizarek. “Halaber, monitore espezializatuak izango ditugu, baita tokien irisgarritasuna hobetzeko laguntza teknikoak, kasuan-kasuan pertsona bakoitzarentzat egokiak diren jardueren gaineko aholkatze profesionala ere …”, adierazi du zinegotziak.
Halaber, egoneko bizitzaren kontra borrokatu beharra dagoela esan du Antizarek, “Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, heriotza goiztiarreko kausa nagusienetako bat baita mundu-mailan”, eta horretarako, zahartze aktiboa sustatzeko, desgaitasuna duten adinekoen artean kirola egitea bultzatuko da.
Gure ESKER ONA, Barakaldoko Udalari, gizarte-inklusioaren alde agertzen duen sentsibilitateagatik eta egiten duen lanagatik.