Hamalaugarren Kostra Trail lasterketan bildutako diruaren txekea ematen zaio GaituzSporti.
- Hamalaugarren KostaTrail lasterketa solidarioak 11.000 euro bildu ditu GaituzSport Fundazioarentzat. Fundazio horrek pertsona guztien, hots, desGAITASUNA dutenen eta ez dutenen inklusioa sustatzen du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren eskutik.
- 3.600 lagun baino gehiagok parte hartu zuten lasterketan eta ibilketetan, ekainaren 9an, kirolak eta elkartasunak bilduta.
Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxak antolatzen duten Kosta Trail lasterketa herrikoiak, helburu solidarioak dituenak, 3.600 “trail running”zale eta mendiko ibilketazale baino gehiago elkartu zituen ekainaren 9an, Sopelan. Eta sortzetiko izaera solidario hura gorenera iritsi zen atzo hamalaugarren lasterketan bildutako diruaren zati bat eman zenean.
Aurtengo izen-emateei esker, Kosta Trailek 11.000 euro bildu ditu eta GaituzSport Fundazioari eman dizkio. Fundazioak gizarte inklusiboa eta anitza eraikitzearen alde lan egiten du, baita desGAITASUNA dutenek eta ez dutenek baldintza beretan Jarduera Fisikoa eta Kirola egin ditzaten, bizi-kalitatea hobea izan dadin.
Txekea atzo, astelehena, eman zitzaion Fundazioari, Bilboko Campuzano plazako Forum Sport dendan. GaituzSport Fundazioko presidente Porfirio Hernández Zubizarretak hartu zuen txekea Forum Sporteko Komunikazio eta Publizitate Jesús Beamonteren eta Laboral Kutxako babesletzen lurralde-buru José Ramón Tarancoren eskutik.
Presidenteak eskerrak eman zituen eta inklusioaren garrantzia azpimarratu zuen: “Eskerrak eman nahi dizkiegu Kosta Trail lasterketaren babesle nagusi diren Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxari, hain sentikor izateagatik eta kirolaren bidez inklusioari laguntzeagatik. Halaber, lasterketan eta ibilketan parte hartu duten pertsona eta familia solidarioei eskerrak eman nahi dizkiegu. Horien guztien laguntzari esker, GaituzSporten dihardugunok, jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez, gizarte inklusiboagoa lortzen jarrai dezakegu, desGAITASUNA dutenek eta ez dutenek, baldintza beretan, parte hartu eta goza dezaten, bizi-kalitatea, osasuna, autonomia pertsonala eta gizarteratzea hobetzearren. Amaitzeko, hauxe esan zuen Porfiriok: “Inklusio-modu itzela da kirola”.
Eta Jesús Beamontek hauxe adierazi zuen: “Kosta Trailentzat gozamena eta harro egoteko modukoa da kirolaren bidez GaituzSport bezalako erakundeei laguntzea, horien lanak ikaragarri laguntzen duelako, jarduera fisikoaren bidez, gizarte anitzagoa eta inklusiboagoa eraikitzen. Norbere burua hobetzeko eta kirolarekiko grina berberak ditugu. Hori dela eta, guretzat pribilegio handia da balio horiek kirolak eta elkartasunak bildutako kolektiboarekin sustatzea”.
ESKERRIK ASKO, Kosta Trail hau posible egin duten pertsona eta erakunde guzti-guztiei (antolatzaileak, babesleak, parte-hartzaileak, boluntarioak…). Jaso dugun laguntzak eta bildutako diruak gizarte inklusiboago baten alde gogo handiagoz lan egiten jarraitzera animatzen gaituzte, pertsona orok baldintza beretan Jarduera Fisikoa eta Kirola goza ditzan.