Es | Eu | En

GaituzSport-en III. Sareak ehuntzen foroa: “Erakundeok eta herritarrok inklusioaren betaurrekoak jarri behar ditugu”

 “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren bidez inklusiorako sareak ehuntzen” III. Eztabaida Foroa, GaituzSport-ek antolatu ohi duena, azaroaren 24an egin zen, Bilboko Iberdrola Dorrean, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Kiroleneren laguntzarekin.

Topaketa horretara 100 pertsona bertaratu ziren –edukiera bete egin zen–; era berean, streaming bidez jarraitzeko aukera ere egon zen.

GaituzSport-en dihardugunok uste sendoa dugu inklusioan eta hori sustatzeko lan egiten dugu, gizartea aberasteko aukera baita. Eta zeregin horrek hainbat ingurutan gogoz parte hartzea dakar: familian, hezkuntzan, lantokian eta, oro har, prozesu sozialetan, kulturaletan, politikoetan eta komunitateetan.

 Hori guztia dela eta, Foroa gogoeta eta eztabaidarako tokia da guretzat. Topaketa bikaina izan da aurtengoa, eta horretan, ezagutza eta esperientziak partekatu dira, eta desGAITASUNA dutenek jarduera fisikoa eta kirola egiteko dituzten oztopoak identifikatu eta aztertu dira.

 Txostengileek hobekuntza-proposamenak egin dituzte, behar-beharrezkoak; izan ere, hizlariek nahiz bertaraturikoek aho batez adierazi dute gure gizartea EZ dela inklusiboa, aurrera egin dugula, bai, baina oraindik asko falta dela benetako inklusioa lortzeko, eta iraupen luzeko karrera hori gizarte osoaren zeregina eta erantzukizuna dela.

EXPERIENCE BY IBON OREGI

Topaketaren moderatzaile lanetan GaituzSport-eko presidente eta Kirolene-ko irakasle Xabier Leizea eta GaituzSport-eko Komunikazio eta Marketin arduradun eta osasun-arloko kazetari Marta Fernández Rivera aritu dira. Topaketaren hasiera Ibon Oregi kirolariaren Experience-ren eskutik izan da, kirola inklusio sozialerako tresna gisa duen ahalmenaren adibide baita.

Ibonek istripu larria izan zuen triatloi baterako entrenatzen ari zela: auto batek harrapatu egin zuen eta, ondorioz, ezkerreko zangoa ebaki zioten belaunetik behera. Kirola inportantea zen bere bizitzan, baina istripuaz geroztik, funtsezko bilakatu zitzaion errekuperazio fisiko eta mentalerako. Bizikleta estatiko batekin hasi zen, eta surfa egiten du orain, eta errekuperatzeko terapia izan du; izan ere, surfaren eskutik “baliodun” sentitzen hasia da.

Oregik bere burua gainditzeko istorioa kontatu zuen Foroan, zeinari esker, duela gutxi surf egokituaren munduko txapeldunordea den eta “gauzak gehiago baloratzea eta aita  hobea izatea” lortu duen.

 2 EZTABAIDA-MAHAI

Lehenengo mahaian, “Gizarte-eragileak: inklusioaren zeharkako hainbat ikuspegi” izenekoan, hauek izan ziren txostengile: Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazioaren eta Plangintzaren zuzendari nagusi Maite de Iturrate, Bilboko Udaleko Bilbao Kirolak erakundeko zuzendari Marcos Muro, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriaga, Gorabideko zuzendari kudeatzaile Txema Franco eta Kait-Kirolaren Kudeatzaileen Euskal Elkarteko presidente Iñaki Ugarteburu.

Parte-hartzaileen esanetan, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina oraindik bidea egiteko dago, eta “Erakundeok eta herritarrok inklusioaren betaurrekoak jarri behar ditugu”. Hobetzeko proposamenen artean, aurrera egiteko hauek beharrezkoak direla adierazi zuten: “Baliabide gehiago, jarduera fisikoa eta kirola gehiago sustatzeko, eta zeharkakotasuna”.

Bigarren eztabaida-mahaian,“Inklusioaren giza faktorea Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren bitartez” izenekoan, pertsona hauek ari ziren beren esperientziez: Asier García kirolari paralinpikoa, BSR taldeko gurpil-aulkiko jokalaria; Gotzon García, Down-en sindromea duen munduko txapeldun den atleta Mikel Garcíaren aita; Itxaropena Elkarteko desgaitasunik ez duen Pascual de Haro kirolaria, eta Marta Sánchez, GaitzuSport-ek antolatu duen jarduera fisikoaren bidezko osasun-programan parte hartu zuena.

Mahai horretako txostengileek adierazi zutenez, “oraindik asko falta da korrika egiteko, salto egiteko, ezin gara konformatu benetako inklusiora iritsi arte”. Bestalde, hobetzeko proposamen gisa, “haurtzarotik hezkuntza inklusioa lortzeko funtsezko faktore gisa” nabarmendu zuten.

 Ekitaldia amaitzean, guztion argazkia eta bideoa egin ziren, inklusioa aldarrikatuta, eta koktela–networking-a izan ziren. GaituzSport-ek antolatu ohi dituen foro guztiek bezala, Foro horrek benetako ikuspegi inklusiboa izan du, baliabide guztiak jarri baitira pertsona guztiak erraz irits zitezen eta jardun zezaten, aukera-berdintasunean: tokia, aretoaren antolaera, irisgarritasuna eta zeinu-interpretea, besteak beste.

Inklusioaren sarea ehuntzen darraigu!

Jarraian,. “Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren bidez inklusiorako sareak ehuntzen” III Foroaren bideoak dituzue eskuragarri :

EXPERIENCE BY IBON OREGI BIDEOA

 

  1. MAHAIAREN BIDEOA: GIZARTE-ERAGILEAK, INKLUSIOAREN ZEHARKAKO HAINBAT IKUSPEGI

  1. MAHAIAREN BIDEOA: INKLUSIOAREN GIZA FAKTOREA JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN BITARTEZ

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.