- Diru-kopuru hori hamazazpigarren Kosta Trailen izen-emateen bidez bildu da. Helburu solidarioak dituen kirol-proba ekainean izan zen, Uribe Kostan.
- GaituzSport Fundazioak desGAITASUNA duten pertsonek jarduera fisikoa eta kirola modu inklusiboan egin dezaten erabiliko du bildutako dirua.
Modurik onenean hasi dugu urtea. Kosta Trailen babesleek, Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa erakundeek, hamazazpigarren Kosta Trailen izen-emateen bitartez bildutako 13.300 € eman dizkiote GaituzSport Fundazioari. Diru-kopuru horrek lagunduko digu jarduera fisikoaren bidezko osasun-programa inklusiboak egiten, desGAITASUNA duten edo osasun-nahasmenduak dituzten pertsonek kirola gainerakoen baldintza berdinetan egin dezaten, beren osasuna, bizi-kalitatea eta inklusioa hobetzeko helburuz.
Diru-kopuru hori emateko ekitaldia Bilboko Moyua plazako Forum Sport dendan izan da. GaituzSporteko presidente Xabier Leizeari eta komunikazio- eta marketin-arduradun Marta Fernández Riverari eman diote txekea Forum Sporteko komunikazio- eta publizitate-zuzendari Jesus Beamontek, Laboral Kutxako lurralde-komunikazioko teknikari Álvaro Parrok eta Forum Sporteko marketin-saileko Izaskun Casasek.
GaituzSport eta Kosta Trailen antolatzaileak eta babesleak (Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa) aukera horretaz baliatu dira laguntzaileen lanaren balioa azpimarratzeko, batez ere, ibilaldietan eta lasterketan parte hartu zuten parte-hartzaile guztiena –marea solidarioa– eta boluntario aritu ziren pertsona bikainena, horiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako proba.
“Lau Kosta Trailetan izan da donazioaren onuradun GaituzSport, bere filosofia eta balioak guztiz bat datozelako Kosta Trailekin eta Forum Sportekin. Elkartasuna areagotu egin da probaz proba, baita jasangarritasuna ere; izan ere, ahalegin handia egin da proban plastiko gutxiago erabiltzeko, lasterkariak eta ibilketariak kontzientziatu direlako, horien ardura ezinbestekoa izan baita lortzeko”, adierazi du Beamontek.
Alderdi onuradunaren ordezkari gisa, Leizeak hau esan du: “GaituzSportek pertsona guztientzat inklusiboagoa, bidezkoagoa eta berdinzaleagoa den gizarte batean sinesten du, pertsonen egoera edozein dela ere, eta horrelako donazioek, hala nola Kosta Trailek egindakoak, lan egiten jarraitzeko aukera ematen digute kirolak inklusio modu bat izaten jarrai dezan”.
GaituzSportekook gure esker ona eman nahi diegu Kosta Trail ahalbidetu duten pertsona guztiei, ibilaldietan eta lasterketan parte hartu dutenen marea solidarioari eta boluntario aritu diren pertsona jatorrei; eta aipamen berezia, Jesús Beamonterentzat eta Izaskun Casasentzat, hain profesional eta sentibera izanagatik.
ESKERRIK ASKO, jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez inklusioaren sarea ehuntzen jarraitzen lagundu izanagatik!
Kosta Trail
Kosta Trail kirol-ekitaldi solidarioa da sortu zenetik. Hiru modalitate ditu, jende guztiak parte hartzeko aukera izan dezan: mendi maratoi-erdia (21 km), mendi lasterketa (20 km) eta ibilaldi familiarra (7 km). Proba aitzindaria da, duela 17 urte sortu zen, eta Uribe Kostako (Bizkaia) itsaslabarretatik eta bidezidorretatik –lur, hare eta asfaltotik– igarotzen den itsas mailako lehen lasterketa da.