GaituzSport-en sentsibilizazio-programa Hezkuntza Arloan dihardugunon ekintzetan kokatzen da.
Izan ere, curriculum-eremuan garatzen dugu lana Hezkuntza Arlokook, Eusko Jaurlaritzako Irakaskuntzen Ikastetxe Publiko den Kirolene-rekin elkarlanean eta, eginkizun horretan, profesionalen eskura prestakuntza eta aholkularitza jartzen ditugu, gorputz-hezkuntzaren arloan inklusioa bultzatzearren.
Halaber, inklusioa benetakoa izan dadin, inguruneek proposamen eta moldaketa horiek egoki har ditzatela lortu beharko dugu, hainbat ekimenen bidez, esaterako, sentsibilizazioaren bidez.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren diru-laguntza duen programa horren eskutik, desGAITASUNaren errealitatea umeei ezagutarazten zaie ikastetxeetan, gorputz-hezkuntzaren eta jokoaren bitartez. Ekimen horren helburu nagusiak, hortaz, hauek dira: desGAITASUNen bat dutenak ulertzeko modua eta pertsona horien gaineko estereotipo negatikoak aldatzea eta aniztasuna sustatu eta inklusioa aintzat har dadila.
Kirolaren bidez desgaitasunaren balio positiboak ikusaraztea da helburua, transferentzia sozialaren bidez hezkuntza INKLUSIOA posible egiteko mezua azpimarratzeko.
2019an 55 sentsibilizazio-ekintza egingo ditugu Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan, GaituzSport-eko, Haszten Kirola elkarteko eta Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioko monitore espezializatuen eskutik, hain zuzen, sentsibilizazio-ekintzak egiteko bi erakunde haiekin sinatu dugun lankidetza-hitzarmen baten bidez.
HELBURUAK
- Ikasleei desGAITASUNaren mundua ezagutaraztea.
- INKLUSIOA sustatu eta aniztasuna aintzat har dadin.
- Estereotipo eta gizarte-aurreiritziei buruz gogoeta egin dadin sustatzea.
- Irakasleak sentikor bihurtu eta prestatzea, gorputz-hezkuntzako eta eskola-kiroleko saioetan desGAITASUNen bat duten ikasleen inklusioa erabatekoa izan dadin.
KONTZEPTUZKO EDUKIAK
- Urritasun, desGAITASUN eta elbarritasun terminoak ezagutaraztea.
- Desgaitasun-mota desberdinak ezagutaraztea.
- Mugimendu Paralinpikoa ezagutaraztea.
- Desgaitasun desberdinen arabera egiten diren kirol egokituak ezagutaraztea.
- DesGAITASUNen bat dutenak gizarteratu eta normalizatzeko egin daitezkeen jarduerak ezagutaraztea.
PROZEDURAZKOAK
- Sentsibilizazio-jokoak, desGAITASUNA nabaritzeko, zentzumenen bat kentzen edo gorputz-adarrak immobilizatzen.
- Kirol egokituak egitea.
- Berariazko materiala eta laguntza teknikoak (gurpil-aulkiak, kaskabilodun baloiak…) erabiltzea.
- Ikastetxeko oztopo arkitektonikoei aurre egitea, desGAITASUNA duenaren tokian jartzea. Itsuentzako gidaketa-teknikak eta gurpil-aulkiaren gaineko gidaketa.
- Lan-fitxak egitea, egungo gizartean desGAITASUNAri ematen zaion trataeraz gogoeta egitea sustatzeko.
JARRERAK ETA BALIOAK SUSTATZEA
- Elkartasuna
- Errespetua
- Eskubide eta aukera-berdintasuna
- Gizarte-inklusioa
- Aniztasuna onartzea
- Nork bere burua onartzea, gainerakoekiko desberdintasunekin
- Borondatea
- Nork bere burua hobetzea
- Ahalegina
- Saiatua izatea
- Emaitzak ez direla berehala lortzen onartzea, baita norberaren mugak ere
METODOLOGÍA
Jarduera teorikoak eta praktikoak egiteko “txokoak”
Ikastetxean sentsibilizazio-jarduera egitean, monitoreek taldetan banatzen dituzte ikasleak, eta horiek “txokotan” lan egiten dute, hots, “txoko” bakoitzean jarduera desberdinak egiten dira eta ikasleak guztietatik txandaka dabiltza, sentsibilizazio-programaren jarduera guztiak egin arte. Alde teorikoa eta jarduera praktikoak lantzen dira aldi berean.
Prozesu horretan oso garrantzitsua da parte hartzen duten irakasleak buru-belarri ari daitezen, hots, saioko jarduerak dinamizatzen lagun dezaten eta beharrezko prestakuntza izan dezaten, gorputz-hezkuntzako saioetan desGAITASUNen bat duten ikasleen inklusioa sustatzen jarrai dezaten.
“Txoko” horietan jarduera hauek egiten dira:
- Azalpen teorikoak, ikus-entzunezko baliabideen bitartez.
- Mintzaldiak edo elkarrizketak: monitoreek gaia labur aurkeztu ondoren, ikasleek beraiek dinamizatzen dute jarduera, galderak edota komentarioak eginez.
- Tailer praktikoak: kirol inklusiboko ariketak proposatzen dira, jokoen eskutik, hainbat teknikez baliatuz, aniztasunean aukera berberetan parte hartzea barneratu eta sentitzeko.
- Fitxa eta agirien bidez, guk esku hartu aurretik edo ondoren, ikasleek desgaitasunaz ari daitezen.
Ikasleak bikain erantzuten ari dira sentsibilizazio-saioetan, hots, inplikatu egiten dira, buru-belarri parte hartzen dute eta kontzientziatu egiten dira. Jarduerak jada egin dituzten ikastetxeetako arduradunen eta irakasleen iritziz, GaituzSport-en sentsibilizazio-programa “aproposa da, modu didaktikoan eta gorputz-hezkuntza eta jokoaren bitartez, inklusioa eta aniztasuna aintzat har daitezen sustatzeko”.