Es | Eu | En

GaituzSportek “Gorputz eta kirol jardueraren eraginaren ikerlana desgaitasuna duen Euskadiko emakumearengan” liburua argitaratu du

GaituzSportek “Gorputz eta kirol jardueraren eraginaren ikerlana desgaitasuna duen Euskadiko emakumearengan” liburua argitaratu du. GaituzSporteko I+G+b sailak egin du, gure lankide Sheila Romero da Cruz ikertzaileak gidatuta.

Ikerlan aitzindari horrek sakon aztertu du kirolak gizarteratzeko eta ahalduntzeko duen botere eraldatzailea.

Azterketa zehatz batean oinarrituta eta jarduera fisiko inklusiboaren esparruan erreferentzia den GaituzSporten esperientziak babestuta, datu argitaragabeak eta kasu arrakastatsuak agertzen ditu liburuak, kirolean parte hartzeak desgaitasuna duten emakumeen osasuna, ongizatea eta gizarte-inklusioa hobetzen laguntzen duela erakusten dutenak.

Desgaitasunaren eta inklusioaren arloko adituen babesarekin, GaituzSporten azterlanak gizartean erabateko parte-hartzea eragozten duten oztopoak eraisteko gakoak agerian utzi ditu.

Liburuak desgaitasuna duten eta jarduera fisikoa eta kirola egiten duten 10 emakumeren erresilientziari eta beren buruen mugak gainditzeari buruzko adierazpen ahaltsuak jaso ditu, erakusteko jarduera fisikoetan eta kiroletan aritu izana kirola egitea ariketa baino askoz gehiago dela, berdintasunerako eta gizarte-aldaketarako bidea, alegia.

Prozesuan 11 profesionalek ere parte hartu dute –psikologoak, entrenatzaileak, begiraleak eta gizarte-langileak–, eta emakume protagonistentzako laguntza handia izan dira, kirol-jardunbideetan zehar. Beren ikuspegia eman dute, eta emakume kirolarien hitzak aberastu eta biribildu dituzte.

Horra hor hainbat ondorio:

  • Ikusitako errealitatea heterogeneoa izan da, eta egoera eta testuinguru desberdinak erakutsi ditu desgaitasuna duten Euskadiko emakumeen egoerari dagokionez.
  • Azterlanean egiaztatu denez, desgaitasuna duten emakumeentzako eskaintza arautua da gehienbat, eta oso gutxi dira lehiazkoak ez diren gorputz- eta kirol-jarduerak.
  • Ezinbestekoa da desgaitasuna duten emakumeek informazioa eta laguntza izatea gorputz- eta kirol-eskaintza normaltasunez eskura dezaten, indarrean dagoen legeria betetzen dela berma dadin.
  • Parte-hartzea sustatzeko, funtsezkoa da pertsonaren testuingurua kontuan hartzea, eta jarduera fisikoan aurkitzen dituen oztopoak identifikatzea, baita oztopo horiei aurre egiteko eragile bideratzaileak ere.
  • Kontuan izan behar da pertsona bakoitzaren oztopo espezifikoak faktore ugariren arabera aldatzen direla, baita bere desgaitasunaren edo gaixotasunaren arabera ere, eta, halaber, esate baterako, eragina dutela kirol-arloko aurretiko esperientziek eta pertsona hori bizi den testuinguruak ere.
  • Emakume bakoitzaren ezaugarriak eta profilak ezagutzeko eta horren parte-hartze mailak handitzeko giltza izan daiteke arreta pertsonalizatua, desgaitasuna duten emakumeentzako programa eta ariketa suspergarri eta erakargarrien eskutik.
  • Programa horiek arloko profesionalek egin behar dituzte, eta azpiegitura egokiak eta beharrezko baldintzetara egokituak izan behar dute, lege hauek xedatutakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lanbideetan sartzeari eta aritzeari buruzko ekainaren 30eko 8/2022 Legeak, zeinak kiroleko profesionalek herritarren aniztasuna, desgaitasuna duten pertsonak barne, artatzeko beharrezko gaitasunak izan behar dituzten; eta Euskal Kirolaren 12/2018 Legea, desgaitasuna duten pertsonak kirolean sartzeko eta horien aukera-berdintasuna sustatzeko premiari buruzkoa.
  • Azken batean, desgaitasuna duten emakumeek Euskadiko kirol-eremuan erabateko partaidetza izateko modua aldatu beharra dago, programen eta baliabideen eskaintza eta emakume bakoitzaren premia espezifikoak balioetsiko dituen arreta pertsonalizatua aintzat hartuko dituena. Aldaketa soziala eta kulturala sustatu behar da, emakume horien inklusioa bermatzeko, eta jarduera fisikoa ahalduntzeko, ongizaterako eta gizarte-inklusiorako tresna izan dadin.

Esker onak:

GaituzSportekook gure esker ona adierazi nahi  diegu ikerlan horretan parte hartu duten emakume eta profesional guztiei, baita kolaboratu duten erakundeei ere, kirolaren eta jarduera fisikoaren sarearen barruan desgaitasuna duten emakumeak ezagutarazteko egin duten ekarpenagatik.

Argitapena osorik irakurtzera animatzen zaitugu. Esteka honetan duzu eskuragarrI:

LIBURUA

Informazio gehiago jaso nahi baduzu edo edozer galdetu nahi baduzu, jarri GaituzSportekin harremanetan. Tel.: 622022063

Jakin ezazu nola izan daitekeen kirola bizitzak eta komunitate osoak aldatzen dituen tresna!

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.