Martxoaren 19an Eraldaketa Digitaleko 2024ko Foroa egin zen “Kirola. Inpaktu jasangarriko aktibazioa” lelopean. ONLYONE AGENCY-k antolatu zuen, eta txostengile eta erakunde entsutetsuek parte hartu eta ekarpen baliotsuak egin zituzten, ezagutza eta esperientziak partekatuz.
Bilboko Miribillako pilotalekuan izan zen, eta hainbat esparrutako (enpresak, erakundeak, teknologia, kirolak eta osasuna) ehun pertsona inguru bertaratu ziren.
Berrikuntza GaituzSporten DNAren zati da, eta teknologia, gure zereginaren aliatu eta aukera.
GaituzSporteko presidente Xabier Leizeak “Kiprest” plataforma digital berritzailea aurkeztu zuen Foroan; haren eskutik, desGAITASUNA edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonei jarduera fisikoa eta kirola egiten laguntzen zaie, beren inklusio-prozesua bultzatzeko.
Bilboko Udaleko Modernizazio zuzendari Ane Miren Ibáñez Zugazagak hau adierazi zuen Foroaren hasieran: “berrikuntza eta teknologia eragileak dira gizarte osasungarriagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa bultzatzeko”, eta Bilboko Udalak Bilboko Eraldaketa Digitaleko Agendarekin (30etik gora proiektu estrategiko ditu) duen konpromisoaz berriro mintzatu zen.
Halaber, profesional hauek soluzio digital arrakastatsuak aurkeztu zituzten: Mikel Urbano Díaz de Guereñu, Mugikon-eko Proiektu zuzendaria; Igor Emery Echegoyen, Bi On Be-ren sortzailea, eta Aritz Guinea, Wellk-en sortzailea.
Mahai-inguruan enpresa-esperientziak partekatu zituzten, eztabaida animatu batean, Forum Sport-eko Komunikazio-zuzendari Jesús Beamontek, Surne Bilbao Basket-eko presidente Isabel Iturbek, Inithealth-eko Komunikazio-zuzendari Juan Carlos Santamaríak eta Ternua Group-eko Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Edu Uribesalgok.
Oztoporik gabeko Kirola Fundazioko presidente Francisco Rocaren esku-hartzeak ikuspegi solidarioa eta humanoa ekarri zuen.
Foroa amaitzeko, showroom networking-a antolatu zen, bertaratutakoek eta txostengileek aurkeztutako aplikazioetan sakontzen jarrai zezaten.
GaituzSportentzat plazerra izan da Foroan parte hartzea, eta gure esker ona adierazi nahi diegu antolatzaileei.
Beste behin egiaztatu da kirola osasun- eta inklusio-tresna aparta dela. Inklusioaren sarea ehuntzen darraigu!