Jarduera fisikoa eta kirola egiteak, fenomeno sozial eta pertsonal gisa, inklusioa sustatzen du eta desgaitasuna edota osasun-nahasmenduak dituzten pertsonak gizarteratzea ahalbidetu.
GaituzSport-ekook inklusioaren sarea ehuntzen darraigu eta, hala, jarduera fisikoaren bidezko beste osasun-programa bat taxutu eta abiarazi dugu: “Inklusioa mugimenduan: komunitatea indartzen”. Gaixotasun arraroek jotako pertsonentzat antolatu dugu, ASEBIER-Gaixotasun Arraroen, Arantza Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Euskadiko Elkarteko kideentzat.
Maiatzaren 7an hasi zen programa, ASEBIERen instalazioetan egiten ari da, eta helburu du parte-hartzaileen ongizatea hobetu eta inklusioa bultzatzea, jarduera fisiko gainbegiratu eta espezifikoaren bidez, parte-hartzaileei behar beste aukerak eta baliabideak eskainita.
HELBURUAK
Gaixotasun arraroekin bizi diren pertsonen osasuna hobetu eta inklusioa sustatzea da helburua, jarduera fisiko gainbegiratu eta espezifikoaren programa pertsonalizatu baten eskutik.
Halaber, parte-hartzearen ekitatea sustatzea eta jarduerak baldintza berberetan egin ahal izateko beharrezkoak diren laguntza-baliabideak ematea, gizartean aktiboki parte hartzen dutela bermatuta eta bizi-kalitatea hobetuta.
Pertsona bakoitzaren gaitasunen eta beharren arabera behar bezala planifikatutako eta egituratutako jarduera fisikoko programa batean parte hartzeak, parte-hartzaileen osasun fisikoa eta mentala hobetzen laguntzen du, eta ezinbestekoa da sintoma berriak edo narriadura prebenitzeko ere.
“Inklusioa Mugimenduan: komunitatea indartzen” programak ahulezia horiei heltzea du helburu, jarduera fisikoko programa inklusiboetarako sarbide ekitatiboa emanez, baita laguntza emozionala, teknikoa eta soziala ere, parte-hartzaileen parte-hartzea errazteko eta ongizate osoa sustatzeko.
ESPERIENTZIA OSO ONA
Saioak pertsonalizatuak dira, parte-hartzaileen gaitasunen araberakoak, alegia. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudun eta Osasun masterdun GaituzSport-eko profesionalen gidaritzapean egiten dira.
Programan parte hartzen ari den taldearen esperientzia oso ona da.
Aktiboki parte hartzen dute, eta, hala, beren autonomia eta independentzia hobetzen dituzte, eguneroko bizitzarako trebetasunak sor ditzaketen esperientzia sozialak sortzeko, eta lotura komunitarioak sortzen dira.
Hiru hilabeteko iraupena du programak. Uztailaren 30ean amaituko da.
Programaren metodologia parte-hartzaile bakoitzaren hasierako balorazioan datza, beharrak eta oztopoak hautemateko eta haien gaitasunak ezagutzeko, jarduerak modu pertsonalizatuan planifikatzeko, pertsona bakoitzaren interesak kontuan hartuta beti.
Era berean, GaituzSport-eko profesionalek, besteak beste, parte-hartzaileen indarra, koordinazioa eta ongizate-maila neurtzen dituzte, hainbat testen eskutik.
Programa garatzen den bitartean, banakako jarraipena egiten da eta, hori amaitzean, pertsona bakoitzaren azken ebaluazioa.
“Inklusioa mugimenduan: komunitatea indartzen” programa beste kolektibo eta elkarte batzuei zabalik dago.