Es | Eu | En

IV. Sareak ehuntzen GaituzSport Foroa: “Emakume izatea eta desGAITASUN bat edukitzea diskriminazio bikoitza da”

 

“Jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez inklusiorako sareak ehuntzen” IV. GaituzSport Foroa, emakumea eta desGAITASUNA aztergai izan zuena, azaroaren 29an antolatu zen, Bilboko Carlton hotelean, arrakasta handiz, erakunde hauen lankidetzarekin: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Laboral Kutxa eta Kirolene.

Elkarrizketan aritzeko, eztabaidatzeko eta esperientziak elkarri jakinarazteko topagunea izan zen, zeinean 100dik gora pertsonak parte hartu zuten (leku guztiak bete ziren), eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere egon zen.

GaituzSporten dihardugunok uste dugu jarduera fisikoa eta kirola tresna eraginkorrak direla pertsona guztien osasuna eta inklusioa sustatzeko. Jarduera fisikoaren eta kirolaren bidezko desGAITASUNdun pertsonen inklusioaren erreferentziazko eragile erraztailea gara, pertsona horiek dituztelako oztopo gehien kirola egiteko.

 Gure I+G+b sailean, gure lankide Sheila Romero da Cruz ikertzaileak gidatuta, “Gorputz- eta kirol-jarduerak desGAITASUNA duten Euskadiko emakumeengan duen eragina” azterlana egin dugu,  eta horrek testuinguru gisa balio izan du beharrezko topaketa hori antolatzeko.

EXPERIENCE BY NAHIA ZUDAIRE

GaituzSporteko presidente eta Kiroleneko irakasle Xabier Leizea eta osasun-arloko kazetari eta GaituzSporteko Komunikazio eta Marketin arduradun Marta Fernández Rivera izan dira topaketaren moderatzaileak. Hasiera gisa, Nahia Zudaire kirolari paralinpiko eta igeriketako munduko eta Europako txapeldunordearen experience-a izan zen.

Kirol lorpenak ez ezik, Nahiaren alde pertsonala ere izan genuen hizpide. Izan ere, 15 hilabete zituela, bihotzeko gaixotasun bat diagnostikatu zioten, eta horrek paraparesia eragin zion, hots, zangoen mugikortasunaren galera, eta berriro ibiltzen ikasi behar izan zuen. Gurasoek 2 urterekin igeriketan sartu zuten, eta harrezkeroztik ura da bere habitat naturala, non erosoen sentitzen den. “Gurasoek hezi nauten moduari esker, ez naiz inoiz diskriminatuta edo deseroso sentitu nire desGAITASUNAGATIK, beti izan naiz beste bat”.

2 MAHAI-INGURUAK

“Emakumea eta desGAITASUNA: ikuspegi orokorra. Aukera-berdintasuna. Gizarte-, ekonomia- eta kultura-egiturak aldatzea sustatzen” lehenengo mahai-inguruan txostengile hauek parte hartu zuten: Eusko Jaurlaritzako Ongizateko sailburuorde Ana Belén Otero; Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta Larrabide; Bilbao Basket taldeko presidente Isabel Iturbe Mach; Ainhoa Ruiz del Agua, surflaria, esklerosi anizkoitza duena, eta Rocio Matías Blanco, ASASAMeko kudeatzailea.

Aho batez adierazi zuten guztiek emakume izatea eta desGAITASUNA edukitzea diskriminazio bikoitza dela. Gainera, egiaztatu zuten adinkeriak are gehiago eragiten diela desGAITASUNA duten emakumeei, eta hedabideen lana funtsezkoa dela emakumeen benetako irudiak ezagutarazteko eta emakumeei ikusgarritasuna emateko jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan, aurrera egiteko eta estereotipoak desagerrarazteko.

“Jarduera fisikoa eta kirola emakumeentzako inklusiorako tresna gisa: onurak, oztopoak, gizarte-politikak, baliabideak eta hobetzeko ekintzak” bigarren mahai-inguruan, txostengile hauek parte hartu zuten: Uxue Fernández Lasa, AKTIBOki eta GIKAFITeko ikertzailea. UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle agregatua; ACAMBIko Belén González; Txema Alonso, Bidaideak Bilbao BSR taldeko presidentea eta Izaskun Elorduy, Mutualiako fisioterapeuta.

Guztiek nabarmendu zutenez, kirolaren esparrua oso maskulinizatuta dago oraindik, eta desgaitasuna duten emakumeek oztopoak aurkitzen dituzte jarduera fisikoa eta kirola egiteko, eta ez dago haien parte-hartzeari buruzko daturik eta azterketarik.
Hala, guztiek nabarmendu zuten jarduera fisikoa eta kirola egiteak onurak ekartzen dizkiela disGAITASUNA duten emakumeei, osasun fisiko eta mentalari dagokienez eta sozializazio-faktore gisa; izan ere, autoestimua, autonomia pertsonala eta gizarte-inklusioa hobetzen dituzte.

Bigarren mahai-inguruaren ondoren, solasaldi elkarreragilea egin zen, eta horretan bertaratu ziren guztiek parte hartu zuten, baita streaming bidez parte hartu zutenek ere. Foroari buruzko bideoak ikusgai daude GaituzSporten YouTube kanalean. 

Ekitaldia amaitzean, familia argazki/bideo animatua egin zen, inklusioa aldarrikatuta. Jarraian, koktela-networking-a izan zen.

EKITALDIA IKUSPEGI INKLUSIBOAZ ANTOLATU ZEN

GaituzSportek antolatu ohi dituen topaketa guztiak bezalaxe, Foroa benetako ikuspegi inklusibo batetik egin zen. Ikuspegi inklusiboa izan zuen antolakuntzaren alderdi guztietan –hala nola, espazio garden bat–, eta baliabideak jarri ziren, pertsona guztiek topaketara baldintza berdinetan sar zitezen eta hori jarraitu ahal izateko: espazioa, aretoaren eta aulkien antolaera, irisgarritasuna espazio guztietan (hotelera, aretora, koktelera, komunetara erraz iristeko), agertokian arrapalak jarri ziren eta zeinu-hizkuntzako interpreteak egon ziren.

Inklusioaren sarea ehuntzen darraigu, iraupen luzeko lasterketa da, gizarte osoaren zeregina!

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.