Es | Eu | En

Jarduera fisikoa COVID-19ak eragiten duen antsietatearen kontrako antidoto bikaina da

PORFIRIO HERNÁNDEZ ZUBIZARRETA psikiatra eta GaituzSporteko presidenteari elkarrizketa

 “Inoiz baino indartsuago eta batuago irtengo gara”

 

COVID-19ak sortutako munduko osasun-krisi larriak konfinamendu luzea eragin du. Inoiz bizi izan dugun egoera horrek ziurgabetasuna dakarkigu, eta beldur, antsietate eta, azkenik, etsipen eta depresioarekiko ahul egiten gaitu. Pairamen gehigarriko gurpil maltzurra da, prozesu infekziosoa behar izaten duen arretaren eta isolamendu, aisia eta haren adierazpen psikikoen asalduren artekoa. Konfinamenduan zeharreko gure osasun mentalaz mintzatuko gara, hain zuzen, Porfirio Hernández Zubizarreta psikiatra eta GaituzSporteko presidentearekin.

  • Maila honetako osasun-krisi bati aurre egiten diogun lehen aldia da. Koarentena borondatezko erantzukizun gisa geure gain hartzeak lagunduko al digu?

Izan ere, egungo egoerak jotako pertsona gehienentzat esperientzia guztiz berria da, baita ezarri diren neurriak ere … Zeren eta, horren guztiaren kausa, koronabirusa, berria da: portaera, ondorioak… Horrek eragindako ziurgabetasunak asaldatu egiten gaitu eta, hortaz, errudunak bilatzen ditugu; hasiera batean, proposatzen zaiguna baztertu egiten dugu, amorruagatik, eta ondoren onartu egiten dugu, beldurragatik, batez ere. Eta hori da gure ondoez psikikoaren jatorria.

Paradoxikoki, ondoez horren gainean jardun dezakegu gure borondate eta zereginen bidez. Eta, modu samurrean, beti erraza ez bada ere, irten ezinari, gure ohituren, batez ere, gure jardueraren aldaketari era positiboan aurre eginez.

Ekintzaren beraren “zergatia” “zertarako” bihurtzea da horren guztiaren ondorioei aurre egiteko lehenengo eta funtsezko urratsa. Helburua ez da beldur ez izatea edo kezkatuta ez egotea –horiek berezko emozioak baitira–, horiei zentzua ematea baino. Ulertzea gure isolamenduaren bidez gure osasuna zaindu ez ezik guztion ongiari lagundu ere egiten diogula. Guztion erantzukizun gisa gure gain hartzen badugu, zentzua emango diogu egoerari eta modu osasungarriago batez aurka egingo diogu, neke barik.

Zein gomendio eman al diegu herritarrei egoera ahalik eta hoberen pairatzeko?

Elkarrengandik banantzen eta gure buruak isolatzen biziak salbatzen laguntzen ari garela ulertzea abiaburu ona da.

 

Neurri jakin batzuek saihetsezinaz hausnartzeari uzten lagun dezakete: antsietatea sortzen duen gehiegizko informazioa saihestea, faltsukeriaz, uste okerrez eta kontraesanez beteta baitaude. Egunean behin iturri ofizial fidagarrienetara jotzea nahikoa da gauzen bilakaeraren berri izateko. Gainerako orduak modu positiboan betetzen ematea. Pertsona maiteekin teknologiaren bidez harremanetan jartzea eta burua eta gorputza aktibo mantentzea erabakigarria iruditzen zaigu asaldura psikikoak prebenitzeko.

 

Teknologiak milaka aukera ematen dizkigu gure burua betetzeko, baina hori bezain garrantzitsua da, ariketa eta jarduera fisikoaren bidez,  gure sasoia zaintzeko modua aurkitzea. Saihestu behar da sedentarismoa koronabirusaren lagun maltzurra bilaka dadin. Koronabirusari aurre egiteko gutxi egin dezakegu, osasun-agintariek agindutakoa betetzea baino ez, baina sedentarismoari aurre egiteko badago zer egin.

 

  • Nola laguntzen digute jarduera fisikoak eta kirolak horrelako egoera batean?

Funtsezkoak dira, zeren eta sedentarismoak eta nagikeriak burua gauza beraz hausnartarazten dute, gure gorputzan mehatxatzen gaituen gaitzaren seinaleak etengabe bilatzera bultzatzen gaituzte, larrialdi-egoeretan antsietate flotatzailearen ondorietako bat, hain zuzen.

Baina txarrena da azkenean antsietate hori somatizatzen amaitzen dugula, hots, bilatzen ari garenaren seinaleak aurkitzen. Jarduera fisikoak edozein egoeratan onura ezagunak dakartza eta, gainera, antidoto bikaina da, gure denbora betetzen duelako eta osasun eta ongizate seinaleak sortzen dituelako, gure makineria dabilenaren froga. Gure denbora ordenatzen laguntzen du, sedentarismotik eta horrek dakartzan kalte fisiko eta mental guztietatik urrun dauden itxaropenak izaten.

 

  • Ezin gara kalera irten, baina teknologiaren bidez elkarrekin konektatuta gaude. Elkarrekin mintzatu eta harremanak izateak antsietatea eta estresa arintzen laguntzen digute?

 

Teknologiari esker elkarrekin harremanak izaten jarraitzea sozializazioaren ordezko da eta egunoetan arma itzela da. Baina kontuz ibili behar da kontaktu edo harreman hori birusari buruzko gogoetak, berriak, gezurrak eta abar partekatzeko foro handiagoa bilaka ez dadin, zeren eta, orduan, lehenago adierazi ditudan gaitz guztien errefortzu bihurtuko litzateke.

 

  • DesGAITASUNA duten pertsonentzat ba al dago aholku edo gomendio berezirik?

Desgaitasuna dugunok oso talde heterogeneoa gara. Pertsona guztiak bezala, gutariko bakoitza mundu ezberdina garela esatera ausartuko nintzateke, eta uste dut ez nagoela oker. Horregatik, gainerako biztanleekin gertatzen den bestelakorik ez zait okurritzen, egoeraren funtsari dagokionez. Iradokizunak gizabanako bakoitzarengan inplementatzeko moduak, ordea, ezberdinak izango dira. Berariazko alderdiak adieraz ditzakegu, desgaitasun ezberdinetako taldeen arabera, modu horiek mugatzen laguntzeko, azken finean, norbanakoari aplikatu beharko zaizkionak.

 

  • Berariazkotasunen bat zehatz dezakezu horietako talde batzuentzat?

Esaterako, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzat zailtasunik handiena egoera eta arazoaren norainokoa ulertzea da. Horregatik, autonomia gehien duten taldeengan denbora eman beharko da eta egiaztatu beharko dugu gure azalpenaren alde nagusiak barneratzen dituzten (irakurketa erraza). Eta praktika zehatzagoan, jarduera areagotzen duen edozein ekintza. Adibidez, mandatu errazak beraiek egiteak ohikeria, hautsiko du (ohikeria eta sedentarismoa arrisku handia dira), laguntza behar duten auzokoei laguntzea (adinekoei edo desgaitasunen bat dutenei erosketak egitea, beraiek ezin badute) eta espezialistek pertsona bakoitzarentzat egindako jarduera fisikoen taularen bat egitea.

 

Autismoaren espektroko nahasmendua dutenentzat eta horien familientzat egoera hau oso zaila da, ohiko bizimoduan gertatzen ari diren aldaketak nekez bizi izaten dituztelako. Etxean konfinatuta egon beharra berria da guztiontzat eta guztiok errutina berriak egin behar ditugu. Eta pertsona haiei lagundu behar diegu, esaterako, ordutegiak markatzen, jarduerak taxutzen (altxatu, gosaldu…) eta jarduera fisikoa egiten, gainerako pertsonak bezala, ahaztu gabe espezialistek pertsona bakoitzarentzat egokitu beharko dituztela.

 

Desgaitasun mentala duten pertsonak ere aipatu behar ditut, begien bistako arrazoiengatik, egoerak eragindako ondorio psikikoak bereziki jasan egiten dituztelako. Laguntza psikoterapeutikoa (telefonoa, posta elektronikoa, Skype…) eta ohikoa ematen saiatzea, norberaren aukeren barruko jarduera mobilizatzaileekin loturiko behar orokorgarriak dira.

 

Hiru talde haietan, arduradun politikoek legean etxetik, bakarrik edo norbaitekin, irteteko salbuespena jaso dezatela, berenganatutako estresa eta antsietatea arindu ahal izateko.

 

  • COVID-19a birus berria da; beraz, beldur gehiago sorrarazten du. Orain arte, gizatalde ahulenak adinekoak eta patologiak badituztenak dira. Zer egin dezakete ikararik izan ez dezaten?

Lehenago adierazitako guztia egoera horrek eragindako ondorio psikikoak prebenitu edo txikiagotzeko dira.

 

Izua kontrolaren galera itzela baino ez da, eta berehala hiltzeko bizipena du barne, eta horrek ez digu ondorio txarrei aurre egiteko erabakiak hartzen laguntzen. Esan genezake izua kontrolatu gabeko antsietate-egoera dela. Lehenago esandako guztia horren guztiaren antidotoa da eta, logikoki, sortutako antsietate eta estresaren goren-maila den izua saihesteko modua.

 INDAR ETA BATASUN GEHIAGOREKIN

  • Euskadin, eta Estatu Espainoleko toki guztietan, gizarte solidario eredugarria garela erakusten ari gara, baita batasun eta elkartasuneko erantzukizunaren eredu ere. Batasun jarrera hori funtsezkoa al da aurrera ateratzeko?

Inolako zalantzarik gabe. Osasun-agintariak zorrotzak dira horri dagokionez. Koronabirusak gure gizartean eta beste herrialde batzuetan duen eragin itzela arintzeko modu bakarra batera jardutea da. Nor, bere zeregin eta aukeraz, egoera hau ahalik eta lasterren eta ahal den ondorio gutxienekin igarotzeko arduradun eta protagonista aktibo da. Baina guztiok egiten ez badugu, ez du ezertarako balio izango.

Guztion ongiaren erantzule gara.

 

 

 

 

  • Egoera latzek gure buruengandik onena ateratzen al dute?

Bai, gure herrian etengabe laguntzeko egiten ari diren ekintzak ikusi besterik ez da egin behar. Zeren eta egoera latzek ez dute hitzerdika aritzeko tokirik uzten.

Euskadi elkartasun adibidea da askotan eta, oraingoan, irmotasun eta baterako lanaren adierazgarri da.

 

  • Azken adore-mezurik…

Abestiak dioenez, “la lucha va a ser brava y el triunfo flor….”. Aste gogorrak igaroko ditugu, baina igaro egingo ditugu. Herri honek beti eman du aurpegia une latzetan, eta oraingoa beste bat da. Inoiz baino indartsuago eta batuago irtengo gara.

 Porfirio Hernández Zubizarreta, psikiatra eta GaituzSporteko presidentea, eta Xabier Leizea GaituzSporteko koordinatzaile nagusiaren arteko elkarrizketa osoa

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.