Es | Eu | En

KOSTA TRAIL-EK  “VIRTUAL TRAIL” SOLIDARIOA ABIARAZI DU GAITUZSPORT-EN ALDE

 

  • Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa erakundeek, Kosta Trail-en antolatzaileek, formatu birtual bat sortu dute, jende-samaldarik egon ez dadin eta parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko, betiere, probaren izaera solidariari eutsita.  
  • Virtual Trail-ek, irisgarriagoa eta inklusiboagoa denak, ohiko hiru modalitateak izango ditu: Mendiko Maratoi Erdia (21 km), Mendi Ibilaldia (20 km) eta Ibilaldi Familiarra (10 km). Ekainaren 13tik uztailaren 13ra bitartean egingo dira, oinez ala korrika.  
  • Gaur, maitzaren 13an, zabalduko da izena emateko epea. Anima zaitez ekimen osasungarri eta solidario horretan parte hartzera.
  • Bilduko den diru guztia GaituzSport Fundazioari emango zaio, desGAITASUNA dutenen eta ez dutenen artean jarduera fisikoa eta kirola aukera-berdintasunean eta modu inklusiboan sustatzen jarrai dezan.

Kosta Trail-ek ez du amore ematen eta inoiz baino gogotsuago itzuli da, pandemiaren eraginez urte bete etenda egon ondoren. Kirola eta elkartasuna elkarrekin doazen urteko ekitaldia itzuli da: Kosta Trail itzuli da. Eta, aurten, `Virtual Trail´ lasterketa berezi baten eskutik, covid-19ak eragindako osasun-egoera dela bide.

Hamalau edizio egin ondoren eta pandemiagatik iazko proba bertan behera utzi ostean, aurten formatu birtualean egingo da proba, jende-samaldarik egon ez dadin eta parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko. Baina probaren izaera solidariari eutsiko zaio, Kosta Trail-en bereizgarria baita, eta orain `Virtual Trail´ lasterketarena ere baita, helburu bere baitute bi probek: kausa on baten alde kirola egitea eta dirua biltzea, beste behin, GaituzSport Fundazioaren lanari esker, pertsonen inklusioa sustatzeko.

Helburua, hortaz, parte-hartzaile ugari lortzea da, xede solidarioak betetzeko dirutza biltzeko. Hori dela eta, inoiz baino irisgarriagoa izango da proba, eta parte-hartzaileek beraiek erabakiko dute noiz, nola eta nondik egingo duten. `Virtual Trail´ lasterketak ohiko hiru modalitateak izango ditu: Mendiko Maratoi Erdia (21 km), Mendi Ibilaldia (20 km) eta Ibilaldi Familiarra (10 km), baina aurten oinez ala korrika egin ahal izango dira eta parte-hartzaileek eguna aukeratuko dute ekainaren 13tik uztailaren 13ra bitartean, aurreko urteetan ez bezala.

Halaber, Kostra Trail-eko hondartza eta itsaslabarren zeharreko ohiko ibilbide ikusgarritik egin ahal izango dute, ala distantzia bereko ibilbidea eginez. Horrela, aukerak ematen zaizkie Uribe Kostara joan beharrik gabe parte hartu nahi dutenei. Parte-hartuko dutenek Virtual Trail egiteko eguna, ordua eta ibilbidea ere aukeratu ahal izango dituztenez,  modalitate guztiak autosufizientzia eran izango dira.

Parte-hartzea sustatzeko, izen-emateek prezio sinbolikoa dute, 3 euro, distantzia edozein dela ere, eta edizio berezi horretan bilduko den diru guztia GaituzSport Fundazioarentzat izango da, korrikalari eta ibiltari guztien helburua kausa solidario bati laguntzea baita.

Izena eman daiteke jada, oraingoan  www.kostatrail.com web-orriaren bitartez bakarrik, paperean egin ez daitezen, lasterketak iraunkortasunarekin duen konpromisoari eusteko. Hortaz, gogorarazten da ingurunea zaintzeak duen garrantzia, Uribe Kostako itsaslabarretatik ibiltzen bada –probaren ohiko ibilbidea– edo beste leku batetik ibiltzen bada. Parte-hartzaile oro arduratuko da hondakinik ez botatzeaz.

KAUSA ON BATEN ALDE

Kosta Trail-ek izaera solidarioa du bereizgarri, eta aurtengo edizio birtuala ez da salbuespena izango. 2006ko lehenengo lasterketatik gaur arte, 154.000 euro eman dira helburu solidarioak betetzeko, hainbat gizarte-erakunderen bitartez.

Kosta Trail-en babesleek –Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa– erabaki dute aurten GaituzSport Fundazioak jaso dezala izen-emate guztien bidez bilduko den dirua. GaituzSport Fundazioak lan egiten du gizarte inklusiboa eta aniztasuna gogoan  hartzen duena eraikitzeko, baita, pertsonen bizi-kalitatea hobetuz, desGAITASUNA dutenen eta ez dutenen artean jarduera fisikoa eta kirola aukera-berdintasunean eta modu inklusiboan sustatzeko ere.

Kosta Trail-en antolatzaileak bat datoz asmo horrekin, hots, kirolak pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko duen garratziarekin. Aurtengoa bezalako urte batean, kirola egitea are garrantzitsuagoa da oraindik. Bizimodu osasungarria izatea ezinbestekoa da pandemiak markatutako urtea jasan eta horri aurre emateko. Eta, ahaztu gabe, gizarteko gizatalde ahulenek laguntza behar izaten jarraitzen dutela. Kosta Trail-ek ez du zalantzarik izan kirolaren bidez elkartasunaren alde egiten jarraitzeko, eta aurtengo edizioa da asmo horren erakusgarri.

IZENA EMATEKO, KOSTA TRAIL-EN WEB-ORRIAREN BIDEZ 

Virtual Trail lasterketari buruzko argibideak eta izena emateko modua, hemen eskuragarri: www.kostatrail.com . Sare sozialetan, albisteak: www.facebook.com/kostatrail Facebook  profilean eta @kostatrail  Twitter-en. Horietan, korrikalariek aholkulariak, gomendioak eta sentsazioak jakinarazi ahal izango dizkiote elkarri.

 

ANIMA ZAITEZ PARTE HARTZERA ETA PLAN OSASUNGARRI ETA SOLIDARIO BATEZ GOZATZERA, “VIRTUAL TRAIL” ZURE ERARA …ATERA ARGAZKIAK ETA PARTEKATU SARE SOZIALETAN, ETIKETA GAITZAZU @gaituzsport !!

ESKERRIK ASKO, “VIRTUAL TRAIL” ANTOLATZEN DUTENEI, FORUM SPORT, SALOMON ETA LABORAL KUTXARI,  HAIN EDIZIO BEREZIAN GAITUZSPORTI LAGUNDU IZANAGATIK. 

 

 

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.