Es | Eu | En

Kosta Trail modu presentzialean itzuliko da, ekainaren 19an, GaituzSporten alde

  • Kosta Trail kirol-probak, helburu solidarioak dituenak eta Bizkaiko kostaldeko hainbat ingurutatik iragaten denak, berriro elkartuko ditu kirolzaleak, eta bildutako diru-kopuruaren zati bat GaituzSport Fundazioari emango dio.
  • Kosta Trailek 3 modalitate izango ditu: Mendiko erdi-maratoia (21 km), Mendi-ibilaldia (20 km) eta Ibilaldi familiarra (7 km), adin, baldintza eta betekizun guztietako parte-hartzaileek parte har dezaten.
  • Hamaseigarren Kosta Trailek ingurumenarekiko konpromisoa izango du xede, probaren aztarna ekologikoa murriztea, hain zuzen.

Kosta Trailen marea solidario handia formatu presentzialean itzuliko da ekainaren 19an,  hamaseigarren edizioaren eskutik, Uribe Kostako itsaslabarretan barrena. Korrikalari eta ibiltariek gehien igurikitu duten probetako bat da; izan ere, aurten berreskuratu egingo dute, 2020an pandemia zela bide ezin baitzen egin eta 2021ean modu birtualean egin baitzen.

Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa babesleei esker, itsasoak eta mendiak bat egingo dute berriro, esperientzia paregabea eskaintzeko hiru modalitate hauen eskutik: Mendiko erdi-maratoia (21 km), Mendi-ibilaldia (20 km) eta Ibilaldi familiarra (7 km).

Proba solidarioa denez, aurten bilduko den diru-kopuruaren zati bat GaituzSport Fundazioari emango zaio. DesGAITASUNA dutenek eta ez dutenek modu osasungarri eta inklusiboan gizarteratzeko modua sustatzen du GaituzSport Fundazioak, gorputz-jarduera eta kirolaren bitartez, baldintza berdinetan, pertsonen bizi-kalitatea hobea izan dadin.

`Plastiko gutxiago´ konpromisoa

Probaren ibilbide diren toki naturalak paregabeak eta ikusgarriak dira, eta, hortaz, babestu egin behar dira, eta horietan ingurumen-inpakturik txikiena utzi. Beraz, elkartasuna ez ezik, Uribe Kostako ingurumenarekiko konpromisoa ere badu bereizgarri Kosta Trailek, plastikoen erabilera murriztuko baita proban. Korrikalari eta ibiltari guztiak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dituzte antolatzaileek, eta, horretarako, hainbat ekintza jarriko dira abian:

o   Autosufizientzia. Ingurumena zaintzeko neurri onuragarrienetako bat da ez dela botilatxorik emango anoa-postuetan, eta, beraz, plastikoen erabilera nabarmen murriztuko dela. Neurri horren arabera, ibiltariek “autosufizientzian” parte hartuko dute, anoa-postuetan jakiak baino ez baitute izango. Beraz, nork bere urontzi propioa eramatea gomendatzen zaie, eta botilatxoa edo urontzia ibilbidean zehar dauden iturrietan betetzea. Sopelako Udalaren laguntzari esker irteeran edo helmugan ur-gune gehigarriak jartzeko aukera aztertzen ari da.

o   12.000 botilatxo gutxiago. Ur eta edari isotonikoko botilatxoak kentzeak kamioien erabilera murriztea ere badakar probaren alde logistikoan, ibilbidean zehar 12.000 botilatxo baino gehiago ez direlako mugituko. Lasterketako anoa-postuetan bakarrik egongo dira eskuragarri botilatxoak, lehia-proba baita, baina horien erabilera arautuko da eremua mugatuz, korrikalariak anoa-postutik joan ez daitezen zaborra horretarako prestatutako puntuetan uzten ez badute.

o   4.500 plastikozko poltsa gutxiago. Dortsalak edo zenbakiak eta kamisetak ematen diren tokietan ez da plastikozko poltsarik erabiliko; ondorioz, 4.500 poltsa gutxiago erabiliko dira. Izan ere,  plastikozko poltsa bakar batek 50 urte behar ditu degradatzeko, eta horren inpaktuak ekosistema naturalak kutsatzen ditu, hala nola itsasoa, non poltsak hilgarriak izan daitezkeen animalientzat, haiek irenstean edo horiekin trabatzean.

o   Zinta konpostagarriak. Kosta Trailek ez du pintura, esprai edo plastikozko zintarik erabiltzen probaren ibilbidea markatzeko. Aurtengo proban baliza berrerabilgarriak eta % 100 konpostagarriak diren zintak erabiliko dira. Horrek esan  nahi du botatzen direnean ez dutela kutsatuko, beste gai organiko batekin kontaktuan jartzean, ongarri natural gisa deskonposatzen direlako.

o   Paper gutxiago. Forum Sport dendetan izena emateko orriak eta liburuxkak kenduko dira, parte hartzaileek online emango baitute izena.  Edozelan ere, kartel, seinale eta gainerako elementuen paperak PEFC zigilua eramango du, hots, baso-kudeaketa jasangarria sustatzen duen eta hornikuntza-kate arduratsua ematen duen baso-ziurtapena aitortzeko programa. Papera berrerabilko da, eta beste edizio batzuetan soberan geratu den materiala ere berrerabili eta aprobetxatuko da.

Horiek dira, hortaz, hartu diren neurrietako batzuk Kosta Trailek ingurunea zain dezan. Gainerako neurriak eta probaren informazioa www.kostatrail.com, webgunean daude kontsultagarri, baita Facebook (www.facebook.com/kostatrail) eta Twitter (@kostatrail)  profiletan ere. Horietan, parte-hartzaileek probaren gaineko aholkuak, gomendioak eta sentsazioak elkarri jakinarazteko aukera ere izango dute.

Gure esker ona erakutsi nahi diegu Kosta Trailen antolatzaileei –Forum Sport, Salomon eta Laboral Kutxa–, beste behin antolatu izanagatik kirola, elkartasuna, osasuna eta inklusioa elkartzen dituen kirol-proba.

 

GUTAZ

GaituzSport 2014an sortu zen, Euskadiko Kirol Egokituaren Federazioaren berrikuntza sozialeko proiektu gisa, Euskadiko Kirol Egokituaren 2015-2020 Planetik sortutako hausnarketei erantzuteko.